Beratik Berara aplikazio berria aurkeztu dute

Aitor Errazkin 2026ko martxoaren 19a

Berako Udalak jakinarazi du Beratik Berara izeneko bere udal aplikazio mugikorraren bertsio berria martxan jarri duela, orain arte erabilitako Bera Hurbil plataformaren ordez. Azken hilabeteetan izandako arazo teknikoek aplikazio zaharraren funtzionamendua oztopatu dute, eta horren ondorioz erabaki da tresna berritu eta egokitu bat eskaintzea herritarrei.

Udalak barkamena eskatu die erabiltzaileei izandako eragozpenengatik, eta nabarmendu du aplikazio berria egonkorragoa eta eraginkorragoa dela. Beratik Berara jada deskarga daiteke Android eta iOS gailuetarako, ohiko aplikazio-dendetan eskuragarri dauden esteken bidez.

Aplikazioa erabiltzen hasteko, Udalak gomendatzen du lehenik aurreko aplikazioa telefono mugikorretik ezabatzea. Ondoren, bertsio berria deskargatu eta instalatu behar da. Behin instalatuta, erabiltzaileek berriro erregistratu beharko dute beren burua, datuak sartuz. Hala ere, lehen erabiltzen ziren erabiltzaile-izen eta pasahitz berberak baliagarriak izango dira.

Erregistro-prozesua amaitzeko, ezinbestekoa izango da kontua baieztatzea emandako posta elektronikoaren bidez. Zalantzarik edo arazorik izanez gero, erabiltzaileek aiora@aiora.eus
 helbidera idatz dezakete laguntza jasotzeko.