Elkartasun Keinua Venezuelari taldeak antolatuta, apirilaren 25ean Euskal Herria – Venezuela II. elkartasun topaketa ospatuko da Astigarragako frontoian. Jardunaldia eguerdiko 13:00etan hasiko da elkartasun ekitaldiarekin, eta bertan Albanys Montilla Venezuelako Comunen eta Mugimendu Sozialen ministrordeak parte hartuko du. Ondoren, 14:30ean, bazkari herrikoia egingo da.

Albanys Montilla Venezuelako belaunaldi politiko berriaren ordezkari garrantzitsua da. 2026an Comunen eta Mugimendu Sozialen ministrorde kargua betetzen du, eta herri antolakuntza, botere komunala eta demokrazia parte-hartzailea indartzeko politiketan ari da lanean. Bere jardunean, komunitateen protagonismoa eta herritarren antolakuntza zuzena funtsezkotzat jotzen ditu, Venezuelako eredu sozial eta politikoaren garapenean.
Topaketaren helburua Euskal Herritik Venezuelarekiko elkartasuna adieraztea eta nazioarteko mugimendu internazionalista eta anti-inperialisten arteko loturak sendotzea da. Bidasoa eskualdean, deialdia zabaldu dute herritarrak parte hartzera gonbidatuz.
Bazkarirako tiketak jada salgai daude, eta informazio gehiago www.elkartasunkeinua.eus webgunean aurki daiteke.