Iranen eta AEBn arteko negoziazioak akordiorik gabe amaitu dira asteburuan, eta Trumpek Ormuzko itsasartea itxiko duela iragarri du. Fars berri agentziaren bidez, Teheranek azaldu du AEBn «eskakizun zentzugabeak» izan direla akordio bat lortu ez izanaren arrazoia; besteak beste, ez dira ados jarri Ormuzko itsasartearen kudeaketaren inguruan. Su eten bat ezartzea ez ezik, Ormuzko itsasartea irekitzea ere adostu zuten bi aldeek. Baina Iranek kontrolatutako pasabide horretatik tantaka ari dira pasatzen itsasontziak azkeneko egunetan. Dozena bat baino ez egunero, erasoaldiaren aurretik 140 inguruk zeharkatzen zutenean. Teheranek Israeli leporatu dio ez dituela eten Libanoren kontrako erasoak. Eta atzo, negoziatzen hastear zirela, Israelek beste hamahiru lagun hil zituen Libanon.
Testuinguru honetan, Global Sumud flotilla edo ontzidia Bartzelonatik abiatu zen atzo Gazarako bidean. Berez, sinbolikoki egin zuten, izan ere, eguraldi txarragatik atzeratu egin dute abiatzea. Baina joan den abuztuko flotilla baino handiagoa izango da oraingoa, ehun bat ontzi abiatuko baitira Gazara laguntza humanitarioa eramateko asmoz. Hainbat alorretako 3.000 ekintzaileek baino gehiagok hartuko dute parte ekinbidean, eta ontzi horietako baten patroia Luka Remiro beratarra izango bada, beste hamaika euskal herritarrek egingo dute Gazarainoko itsas bidaia. Haien artean, Maia Ruiz de Alda Laaksnonen urruñarrak.

Azaldu digunez, Bartzelonako portutik ez ezik, inguruko beste hainbatetik ere abiatuko dira Siziliarako bidean, lehen etapa gisa, gerora Gazara heldu eta Israelen blokeoa apurtzeko helburuarekin. «Ez da bakarrik elkartasuna, da Palestina berriro, eta Libano ere bide berdinean doana, horretaz hitz egitea, baina bereziki estatu sionistak bonbardatu duena berreraikitzera goaz», azaldu du urruñarrak. Izan ere, sostengu talde ezberdinek parte hartzen dute ekimen honetan, Open Arms edo Greenpeace bezalakoak, eta ontziak material humanitarioz beteak doaz. Baina Ruiz de Aldak argitu duenez, «lanbide ezberdinetako mila pertsona doaz, profesionalak, ospitaleak berriz eraikitzeko, eta hezkuntza arlokoak ere». Haien helburua Gazako genozidioan txikitutako oinarrizko azpiegiturak berreraikitzen laguntzea baita. «Ez dugu nahi Gaza bihurtzea Trumpek, Netanyahuk eta Elon Muskek zioten resort hura», azpimarratu du.
Flotilla abiatu baino lehen berekin hitz egin dugu Global Sumud ontzidiaren asmo eta arriskuei buruz. Euskal Herriko Gaza Global Sumud taldeko kideek, azaldu dutenez Israelek ezarritako itsas blokeoa haustea da flotillaren helburu nagusia, eta Gazara laguntza humanitarioa eramateaz gain, mila profesional doaz ospitaleak eta oinarrizko azpiegiturak berreraikitzeko asmoz.