Behobia-Donostia 61. ediziorako 17.287 dortsalen zozketan izena emateko epea zabalik

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 14a

Apirilaren 22an gauerdian itxiko dute zozketarako erregistroa egiteko aukera, eta itzuliko ez duten euro bateko ordainketa egin beharko da. Bildutako diru guztia Behobia-San Sebastian lasterketako proiektu solidarioetara bideratuko dute osorik. Fortuna kirol elkarteak argitu duenez, zozketa apirilaren 29an egingo dute notario aurrean, eta behin betiko izen-ematea maiatzaren 5etik 11ra bitartean baieztatu beharko da.

Behobia-San Sebastian lasterketak bere 61. ediziorako dortsalen zozketarako erregistroa eguerdian irekitzen du. Fortuna kirol elkarte antolatzaileak aditzera eman duenez, edizio honetarako guztira 17.287 dortsal zozketatuko dituzte. Eta prozesu honen helburua lasterketan parte hartu nahi duten korrikalari guztiei aukera berdinak eskaintzea da. Norbere burua, edota gehienez ere hiru lagun ordezkatuz egin daiteke erregistroa, lagunekin edo familian korritu nahi dutenentzat. 

Argitu dutenez, apirilaren 22an itxiko dute epea (23:59an), eta zortzi egun horietan erregistratzeko ordenak ez du ondoko zozketan eraginik izango. Ondo erregistratutako guztiek apirilaren 24an posta elektroniko bat jasoko dute, zozketaren informazioa eta egokitu zaion zenbakiarekin guztiarekin. Zozketa apirilaren 29an egingo dute notario aurrean, eta dortsala egokituko zaien partaideek maiatzaren 5etik 11ra bitartean baieztatu beharko dute behin betiko izen-ematea. Dortsala eskuratu ez dutenen kasuan, aldiz, itxaron-zerrenda batera pasatuko direla argitu dute, eta lehen fasean baieztatu ez diren plazen arabera banatuko lituzkete maiatzaren 12tik aurrera.  

Bestalde, aurten, zozketan erregistratzeko itzuliko ez den euro bateko ordainketa egin beharko da. Eta Fortuna elkarteak aditzera eman duenez, bildutako diru guztia Behobia-San Sebastian lasterketako proiektu solidarioetara bideratuko dute osorik.