Estatu federala aldarrikatzeko prozesu politikoa eskatu du Podemos Euskadik Avenida zubian errepublikanoei omenaldian

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 14a

Podemos Euskadi Ahal Duguk lore-eskaintza egin du gaur, Errepublika Egunean, Avenida Zubiaren Hendaiako aldean dagoen errepublikano guztien omenezko oroitarrian. «Eskuin muturraren gorakada garai hauetan, Errepublika suntsitu zuten diktaduraren nostalgikoak» gaitzesteaz gain, «diktaduraren herentzia den egungo erregimen monarkikoaren alternatibarako prozesu politikoa abiatzea» eskatu dute, «estatuaren buruzagitza herritarrek hautatu, eta lana, etxebizitza, zaintza, osasuna eta hezkuntza publikoa bermatuko duen hirugarren Errepublika» aldarrikatzeko.

Podemos Euskadi Ahal Dugu alderdiaren ordezkaritza batek lore-eskaintza egin du gaur Avenida Zubiaren Hendaiako aldean dagoen errepublikano guztien omenezko oroitarrian. 1936-1939 urtaldiko pasarte historikoak gogoan ditu, izan ere, gune horrek 1936ko estatu kolpearen baitan Hendaiako familiek milaka irundar faxismotik ihesean haien etxeetan jaso zituztenekoak gogoan ditu.

Hartara, gaur, apirilak 14, 1931. urtean Espainian Bigarren Errepublika aldarrikatu zela gogoratu du Podemos Euskadik, eta altxamendu faxista batek eta gerra batek Errepublika suntsitu zuela, eta 40 urteko diktadura ekarri zuela oroitarazi du Josetxo Arrietak, Podemoseko senatari ohi eta alderdiko Errepublikanismo arloko arduradunak. «Gerrazaleen eta eskuin muturraren gorakada garai hauetan, Errepublika suntsitu zuten diktaduraren nostalgiko asko dagoela» salatzearekin batera, ez dago soberan gogoratzea Arrietaren arabera «diktadura horren herentzia eta izpiritu antidemokratikoa monarkia ustel batekin hedatzen dela gaur egun oraindik ere, Borboiena, diktadoreak berak estatuaren buruzagitzan oinordeko izendatua». Baina 2026 urte honetan, Avenida zubia Memoria Demokratikoaren gune izendatu dela nabarmendu du, eta aurtengo lore-eskaintza ekitaldia berezi egiten duela uste du Podemos Euskadik. 

Avenida zubiaren Hendaiako aldean dagoen errepublikano guztien omenezko oroitarrian elkartu dira. 

Senatari ohiak aldarrikatu du, Errepublika ez dela aldi historiko bat, balore errepublikanoak pertsona guztiak berdin egingo dituen bizikidetza eredu bat baizik. «Errepublika demokrazia eta berdintasuna da, aniztasuna, gizarte eskubideen eta ongizatearen bermea da, hezkuntza laiko eta unibertsala da, emakumeen eskubideak dira, aberastasunaren banaketa justua da, eskubide sozialak dira justizia soziala azken batean», argitu du Arrietak. Hortaz, errepublika exijitzea herritarren beharrei erantzutea dela dio, eta alde horretatik, Podemos Euskadi estatu federal edo konfederal baten aldeko apustua berretsi eta borrokatzen jarraituko duela iragarri du.

«Egungo erregimena eta hura kudeatzen eta sostengatzen duen oligarkia gaitzesten ditugu, eta horietariko askok abizen euskaldunak dituzte», gogoratu du. Podemos Euskaditik, prozesu politiko bat abiatzea eskatu dute, estatuaren buruzagitza herritarrek hautatu ahalko duten sistema demokratiko bat. Podemos Euskadiren arabera, Hirugarren Errepublika etorkizuneko alternatiba baita, «lana, etxebizitza, zaintza, osasuna eta hezkuntza publikoa bermatuko dituena, herritarren kezkei erantzungo diena».