BixtuBerak eraiki nahi duen bigarren instalazio fotovoltaikoaren inguruko xehetasunak eskeiniko dituzte apirilaren 27an Beran

Lizar Elexpuru 2026ko apirilaren 15a

Lehen instalazio fotovoltaiko komunitarioa eraiki zenetik, Berako 50 etxe eta komertziotara banatzen da energia berriztagarria. BixtuBera kooperatibak udalarekin elkarlanean, bigarren instalazio bat eraiki nahi du energia-burujabetzaren alde pausoak ematen jarraitzeko.

Borondatezko partaidetzan oinarritutako kooperatiba energetikoa da BixtuBera. Merkatariek, autonomoek, enpresek, ostalariek, ikastetxeek, kirol eta kultur elkarteek, herritar solteek eta udalak osatzen dute 2023az geroztik martxan dagoen energia berriztagarrien komunitatea. 75 bazkide biltzen ditu egun kooperatibak, eta bazkide gehiagorengana hurbiltzeko asmoarekin, apirilaren 27rako informazio-bilera antolatu du udalak. 

Urtebete eskas bete du BixtuBerak eraiki zuen lehen instalazio fotovoltaikoak. Eguzki izpiek kiroldegiko teilatuan kokatuta dauden 175  eguzki-panelekin egiten dute topo eta bertan sortutako energia, 100% berriztagarria, beratarren etxe eta eraikin publikoetara heltzen da. Urte honetan zehazki 50 etxe eta komertziok lortu dute energia berriztagarriak sustatzea, autokontsumoa handitzea eta energia-kontsumo arduratsua eta jasangarria sustatzea. 

Etxe partikularren teilatuetan plakak jarri beharrean, irtenbide kolektibo bat planteatzen du Berako Energia Komunitateak. Aipatu bezala, lehen instalazioa eraikin publiko batean egin zuten, kiroldegian. Instalazio berriari dagokionez ere hori izanen da helburu nagusietako bat: instalazioa kolektibotasunean gauzatzea.

BixtuBerak proposatzen dituen onurekin bat egiteko, herritarrak inbertsio bat eginen du hasieran eta etxean kontsumitzen duen energiaren zati bat instalazioko eguzki-plakek sortuko dute gerora. Hilabeteko fakturan, aurrezpen zuzena eragingo du aldaketa honek eta trantsizio energetikoan aintzinera egiten lagunduko du, bai norbanakoa baita kolektiboa ere. Pasaden udaberrian 63.251’93 €-ko inbertsioa egin zuten Berako Udalak eta Bixtu Berak erdi bana, sortutako energia ere zati berdinetan banatuz. Instalazioari esker urtean 28 tona CO2 gutiago isuri dira.