Gaur 102. greba eguna bete dute Txingudiko Zerbitzuetako ur-zikloko 35 langilek. Joan den urteko martxoan hasi ziren lan hitzarmena berritzeko haien aldarrikapenekin, eta udaz geroztik 30 lanuzte eta greba egun baino gehiago egin ondotik, eta zuzendaritzak negoziatzeko borondaterik ez zuela ikusita, greba mugagabera jo zuten joan den otsailaren 11n.
Grebara joko zutela iragartzeko egin zutenean bezala, Irungo San Juan plazan agerraldia egin zuten atzo, egoeraren berri emateko. Leire Zubitur zuzendariak inposatu dien negoziaziorako egutegia jarraitu dutela, eta zenbait bilera egin dituztela argitu dute. Baina egoera bideratu beharrean, gehiago korapilatzen joan da. Izan ere, 100 greba egun baino gehiago daramatzaten honetan, demanda jarri dute lan arloko epaitegian, Txinzer grebalarien lana ordezkatzen ari delakoan.
Alaitz Egiazabal, greba komiteko ELAko ordezkariak azaldu duenez, «grebarako oinarrizko eskubideak urratu dituzte, salaketa aurkeztu genuen Lan Ikuskaritzan, eta enpresaren jarrera tematiaren aurrean demanda jarri dugu, ezin delako onartu eskirolajean ibiltzea». Greba komiteko kide baten lana ordezkatzen ari direla salatzearekin batera, zuzendaritzaren estrategia salatu dute. «Egoera bideratu beharrean edukirik gabeko bilerak, proposamenik gabeko egutegi irekiak eta gatazka luzatzea erabaki dute, nekea eragiteko», adierazi du Egiazabalek. Eta negoziazio mahaia hutsik mantentzen den bitartean, hirugarren batek bitartekari lanak egin ditzan zuzendaritzak PRECOra jo duela salatu du.
Alkateen ardura politikoa
Otsailean ekin zioten zuzendaritzarekin bilerak egiteari, eta joan den asteartean izandakoaren ondotik, maiatzaren 5ean hitzartua dute azkena. Baina akordioa urrun dago. «Ez dira bilerak falta, benetako negoziazio baizik», argitu du greba komiteak. Alde horretatik, Irungo eta Hondarribiko alkateak interpelatu dituzte enegarren aldiz, egoera desblokeatu dezaten. Haiek baitira Txingudiko Mankomunitateko presidente eta presidente ordeak, eta martxoaren 12an haiekin izandako bileran, arduradun nagusiak beraiek direla aitortu zietela dio ELAko ordezkariak.
Cristina Laborda eta Igor Enparanekin biltzea lortu zuten greban bi hilabete zeramatzatela, eta hiru orduko bileran ez zuten udal agintarien borondaterik ikusi. «Irtenbidea badago, ez bada heltzen ez delako nahi da, ardura politikoa da eta izen abizenak ditu, Laborda anderea eta Enparan jauna, egin ezazue zuen lana, gatazka desblokeatu eta akordioaren alde egin», exijitu diete.
Langileen aldarrikapen nagusia
Akordioa desblokeatzeak ez du grebalarien ustez aparteko ahalegin ekonomikorik eskatzen. Aditzera eman dutenez, Txingudiko Mankomunitatearen 2026ko 41 milioi euroko aurrekontuaren %0,88 besterik ez luke suposatuko langileen baldintzak hobetzeak. Argitu dutenez, 345.000 euro hain justu. Bien bitartean, datuak argiak dira Alaitz Egiazabalen arabera. Informe teknikoak eta juridikoak, eta egindako lanpostuen balorazioak jarri ditu zuzendaritzak orain artean aitzakia, lan hitzarmen berrian haien aldarrikapenak ez aintzat hartzeko.
Langileek azken urteetan %20 erosahalamena galdu izana salatzen duten bitartean, gaur egun FCC enpresako azpikontratako operario baten soldata, urtean 33.000 eurokoa da, eta Txingudiko Zerbitzuetako berezko plantillarena 28.000 eurokoa. Aldiz, enpresaren proposamena 26.000 eurokoa izan da. Izan ere, enpresak egindako lanpostuen balorazioaren arabera, plantillaren %35ak egokitzen zaiona baino 2.000 euro gehiago jasotzen baitu urtean.
Grebaren ondorioak uraren zerbitzuan
Oroitarazi behar da oinarrizko zerbitzu publiko batez ari garela, ur-zikloaren kudeaketaz. Eta uraren potabilizazioa zerbitzu minimoekin bermatzen ari diren heinean, Txinzerreko uraren ziklokoko langileen greba mugagabe honen ondorioak herritarrek pairatuko dituztela gogoratu dute.
Txinzerrek hainbat ohar plazaratu ditu azken asteetan, grebak uraren kalitatean eta zerbitzuan ondoriorik ez duela argituz. Aldiz, atzo bere webgunean aditzera eman zuenez, martxoan hainbat bezerori uraren fakturan ez diete uraren kontsumoa jaso, fakturazio prozesuan izandako akats baten ondorioz. Fakturak ur-kontsumoa jaso gabe bidali dituzte, eta zerbitzuaren kuota finkoak baino ez dira ageri. Egoera honen aurrean, abonatu guztiei gomendatu diete, aldi horretako faktura berrikustea, eta gorabehera hau zuzentzeko helburuarekin, Txinzerrekin harremanetan jartzeko.
Grebalariek argi dute, ur-kontagailuen datuak irakurtzeko langile askirik ez dagoelako gertatu dela honakoa. «24.000 bezerori uraren fakturazio okerra bidali zaie, eta horrek ondorio ekonomiko zuzenak ekarriko dizkie bezeroei, uraren tarifikazio sistema berria dela eta», iragarri du Egiazabalek, gainerakoan grebaren ondorioak ugariak direla oroitaraziz, «normaltasun irudia eman nahi dute, baina grebak eragina badu, Hondarribian Arreta Bulegoa eta Garbigunea itxiak jarraitzen dute, etxeetara hornitzen duten deposituak eta saneamendu sarea ez dira garbitzen ari, instalazioetan ez dira mantentze eta prebentzio lanik egiten ari», argitu du.