Beharrezko baliabide ekonomikoak batuta, bueltan da Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa

Paola Oskoz 2026ko apirilaren 27a

Maiatzaren 8tik 10era ospatuko da Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa. Azken urteetako edizioetako gidoi bertsua izanen du eta, hiru egunez, Bidasoaldea Baztandik Lapurdira zeharkatzeko helburua izanen du probak, “Batzen gaituen (h)ura” iazko leloari men eginez. Mota guztietako txirrindularientzat egokia izateko etapa desberdinak ere ondu dituzte Jorge Garcia lasterketako zuzendariak eta Eneko Iparragirre Caja Rural taldekoak. Aurtengoan, hamar bidasotar baino gehiago ariko dira lehian tropelean, inoizko parte hartzerik handiena eskualdeko txirrindulariei dagokionez. 

Maiatzaren 8tik 10era ospatuko da Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa. Aurtengoak zailtasunak izan ditu aitzinera egiteko, baina beharrezko baliabide ekonomikoak bilduta, azkenean afizionatu mailako txirrindularitzak estatuko lasterketarik preziatuena izanen du 2026ko egutegian. “Batzen gaituen (h)ura” iazko leloari jarraiki, hiru egunez Bidasoaldea zeharkatuko dute 23 urtez azpiko txirrindulari hoberenek, tartean eskualdeko hamarrek, inoizko parte hartzerik handiena kasu horretan. 

2026ko urtarrilean Bidasoa Itzuliko talde antolatzaileak bertan behera utzi zuen lasterketaren aurtengo edizioa. Baliabide ekonomikorik gabe, ezinezkoa egiten zitzaien behar bezalako proba osatzea eta, arnasa hartuta, 2027ra begira jarri ziren. Jorge Garcia zuzendariak azaldu duenez, “urtarrilean hodei grisak hodei beltz bilakatu ziren eta, baliabide ekonomiko faltagatik, zaila ikusten genuen. Horma baten kontra jotzen ari ginen eta atseden hartzeko erabakia hartu genuen, galera ekonomikoa suspertzeko ahaleginak egin eta segitzeko”. Albiste honek ordea, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioan alarma piztu zuen eta laguntze eskaintzeko prest agertu ziren estatuko probarik zaharrena mantentzeko helburuarekin: “Albistea aterata, dena nahasi egin zen. Gipuzkoako Federazioa gugana hurbildu zen eta bideragarritasun ekonomikoa lortzeko aukera zutela aipatu ziguten. Lanean segitu genuen, isilean, eta azkenean lortu genuen lasterketa aurrera ateratzea”. 

Garciak argi du bertan behera uztearen albisteak “efektua izan zuela erakundeen aurrean”. Izan ere, galera handia izanen litzateke txirrindularitzarentzat Bidasoa Itzulia bezalako lasterketa erreferente bat ez egitea. “Bidasoa Itzulia lasterketa erreferentea da, ez bakarrik eskualdean edo Euskal Herrian, baita Espainian edo Europan ere. Lehen albisteak nazioarteko txirrindularitza hedabideetan ere oihartzuna izan zuen. Argi dago lasterketa estimatua eta garrantzitsua dela”, gaineratu du zuzendariak. Horrela, ahal bezain pronto, lanean jarri ziren 2026ko edizioa berreskuratzeko asmoz, behin bertan behera utzita ez baitakizu zer gertatzen ahal den hortik aitzinera. 

Otsaileko lehen asteetan lanpetuta ibili ziren zuzendaritza taldekoak, baina esperientziak ematen duen abileziarekin gaur-gaurkoz dena prest dute 52. edizioa ospatzeko: “Hasieran erlojuaren kontra ari ginen, baina orain lasaiago. Otsailean, iazko abenduan baino okerrago ginen. Bideragarritasun ekonomikoa zen lehentasuna eta behin hori edukita, ibilbidea diseinatzen eta taldeak aktibatu nahian hasi ginen. Martxoa gogorra izan zen, baina orain apirilean hobeto”. 

Bidasoaldea aldetik aldera zeharkatuko duen lasterketa

52. Bidasoa Itzuliak azken urteetako edizioetako gidoi bertsua izanen du. Hiru egunez Bidasoaldea Baztandik Lapurdira zeharkatzeko helburua izanen du probak, “Batzen gaituen (h)ura” iazko leloari men eginez. Horrez gain, mota guztietako txirrindularientzat egokia izateko etapa desberdinak ere ondu dituzte. Lehenak, hain zuzen ere, pasa den edizioko ibilbide berbera izanen du. Maiatzaren 8an, tropelak Guadalupetik Jaizkibelgo lepora bitarteko 4 kilometroak osatu beharko dituzte erlojuaren kontra. Iaz berrikuntza zena, aurten dagoeneko ezaguna da txirrindulari guztientzat eta Jorge Garciak aitortu duenez, “erreferentzia guztiak hartuak dituzte” lehen egunerako. Charlie Meredith izan zen iazko irabazlea etapa honetan eta 8:20,17 minutu behar izan zituen lau kilometroak osatzeko. “Lasterkariek trukoa hartu diote, ea oraingoan zer egiteko gai diren txirrindulariak. Etapa gisa, erlojupeko hau, egin daitekeen politenetakoa da”, azpimarratu du zuzendariak. 

Bigarren etapa berriz, maiatzaren 9an, Arantzan hasi eta Lizarrietako lepoan bukatuko da. Bortzirietan izanen du beraz, irteera eta helmuga, tartean Baztandik eta Malerrekatik ere pasatuz. 163,3 kilometro luze izanen ditu, 2.730 metroko desnibel positiboarekin, lau mendate igoko baititu tropelak: Zigako mendatea (3.), Belateko mendatea (1.), Orokieta (3.) eta Lizarrieta (2.). Eneko Iparragirre da profil hau ontzen aritu den horietako bat, Caja Rural taldeko zuzendaria. Iparragirrek argi zuen etapa luzea izan behar zela bigarren hau: “Gaur egun oso pil-pilean dagoen gaia da talde antolatzailearen artean. Europa edo Espainia mailan desberdintasun handiak daude, etapak luzeagoak dira eta, itzuli honek duen prestigioarekin, hemen ere horrela izan behar zuela uste genuen, hemengo txirrindularien maila mantentzeko”. Lehen etapa erlojupekoa dela kontuan hartuta, “nahiko mugatuak” zeuden bertze biak osatzerako orduan, baita Bidasoa eskualdearen kokapenagatik ere. Horrez gain, “etapa bat osorik Nafarroan” egin nahi zuen talde antolatzaileak eta “amaieran hain gogorra ez zen” ibilbide bat. Horrela beraz, aukera guztien artean, ondu duten hau zen hoberena: “Arantzatik hasiko gara. Lehengo urteko bigarren etaparen antzerakoa izatea bilatzen genuen, arrakastatsua izan zelako. Profil antzeko edo joera antzeko etapa bat ziurtatu nahi genuen, eguraldiaren baitan ez egotea. Mendateak ere nahi genituen, baina helmugatik urruti zeudenak”. Tranparik ez duela ere gaineratu du zuzendariak, nahiz eta lasterkariek ondo neurtu beharko dituzten indarrak, azken igoeratik urruti jarri baitute helmuga eta hori izanen da landu beharko duten taktika talde parte-hartzaileek. 

Amaiurtik ere pasatuko dira txirrindulariak bigarren etapa honetan, dagoeneko Bidasoa Itzuliaren ikurra bilakatu den Baztango herria. Iparragirrek onartu duenez, gaur egun lasterketaren “baldintza” bat da hemendik igarotzea eta bere hitzak berretsi ditu Garciak:  “Amaiurrek baditu erranahi asko. Ibaia da ikur nagusia, denok elkartzen gaituena. Amaiurrek ere badu esanahi hori, ibarraren fondoraino sartzen delako horrela lasterketa eta hori da guk nahi duguna. Gure historiaren parte ere bada, oroitu behar dugun zerbait. Ez da herririk errazena, baina jendeak hori oroitzen du eta, bide horretan, Amaiurreko historia ezagutzen laguntzen dugu”. 

Hirugarren etapa eta azkena, maiatzaren 10ekoa, Hendaiatik hasi eta Irunera joanen da. 107,3 kilometro izanen ditu luze eta 2.321 metroko desnibel positiboa. Ohi bezala, ibilbiderik gogorrena izanen du, guztira zazpi mendate igaroz: Guadalupe, Arkale (2.), Aritxulegi (1.), Agiña (1.), Piedad (3.), San Martzial (2.) eta Erlaitz (1.). Aurtengo aldaketa beraz, “Gurutze ordez, Gaintxurizketa eta Arkale igoko direla da”. Bertzela, azken ibilbide honek ere ohiko gidoia mantentzen du. Garciak dioenez, “urte pila daramagu etapa berdintsua egiten eta, urtez urte, desberdina da. Hain da gogorra, eta nekea hain da aleatorioa, beti badaudela desberdintasunak. Etapak bere xarma du”. Iparragirrek onartu du aurtengo edizioan ere Erlaitzen erabakiko dela guztia: “Erlaitz erabakigarria da. Lehengo urtean gure taldeko azken txirrindularia bertan harrapatu zuten, nahiz eta hori orain arte ez zen ohikoa. Aldaketa txiki horiek guztiek eragina dute lasterketak, ikusten den bezala. Ibilbideak gogortasuna du eta oso ongi egokitzen da Bidasoa Itzuliak duen prestigioarekin. Espainia mailan ere denek ezagutzen dute azken etapa hau. Oso ikusgarria da, polita eta gertutik segitzeko modukoa”. 

Hamar bidasotar baino gehiago aurtengo tropelean

2026ko Bidasoa Itzuliak 21 talde izanen ditu guztira, iaz baino bi gehiago: Oreka IT-Zuia Ingenieria, Eulen-Amenabar, Finisher-Kern Pharma, Caja Rural-Alea, Euskadi Fundazioa, Telco´om On Clima Oses, Gran Canaria Bike Team, Eiser-Hirumet, Sima Cepial, Hostal Latorre, Smartlog Nest, Surne Bilbao Cycling, JRG Norclamp, Equipo Cortizo, Gomur Cantabria Infinita, Supermercados Froiz, Extremadura-Pebetero, Torres-Sobato, AVC Aix en Provence, DL Chemicals-Experza Cycling Team eta Martigues SC-Payden&Rygel. Gehienak euskaldunak dira, baina badira Espainiatik etorriko direnak, baita Europatik ere. Jorge Garciak dioenez, “euskal taldeei presentzia ematen” saiatu dira. Horrez gain, “Frantziako bi talde, Flandriako bat eta Espainiatik bospasei” etorriko dira. Bidasoa Itzuliaren garrantzia kontuan hartuta, taldeek euren bertsiorik onena aurkeztuko dute bertan, ahalik eta mailarik altuena emateko asmoz. 

Guztira 147 txirrindularik osatuko dute aurtengo tropela, eta horietatik hamar baino gehiago izanen dira bidasotarrak, eskualdekoen inoizko parte hartzerik handiena izanda: “Bidasotarrak presente egonen dira. Hamar baino gehiago izanen dira ibarrekoak, errekorra da. Irun, Hondarribia, Hendaia, Sunbilla eta Etxalarkoak dira guztiak. Horietako batek eramanen du 1 dortsala, Mikel Arrieta Atondo etxalartarrak, bere herrian bukatzen baita bigarren etapa”. Garciak eta Iparragirrek bat egiten dute, bidasotarren parte hartze handi honen gibelean, herrietako kluben lana dagoela azpimarratzean. “Baztandarra Klubak eta Irunes Txirrindularitza Elkarteak lan handia egiten dute euren eskoletan txirrindulariak edukitzeko. Bidasoan 15 ditugu afizionatu mailan, tartean bi emakume, hau ere errekorra izanda. Lan onaren seinale da hori”, dio Garciak. Iparragirrek gaineratu du “azken urteetako harrobirik aberatsena” dugula. Hala ere, aitzindu dutenez, aurten zaila izanen da bidasotar bat besoak altxatzen ikustea, nahiz eta Bidasoa Itzulian parte hartzeak “hazteko” aukera emanen dien txirrindulari gisa. 

Honekin guztiarekin, bertze urte batez, maila handiko lasterketa osatu du talde antolatzaileak eta orain, txirrindularien lana izanen da ibilbideen altueran egotea. Jorge Garciak espero duen bakarra da “eguraldi ona egitea” eta, horrez gain, “jendea errepidera ateratzea txirrindulariak animatzera”. Eneko Iparragirrek berriz, “egunero protagonista ezberdinak ikusi” nahi ditu eta parte-hartzaileek “ausardiaz” jokatzea etapa bakoitzean. Hori izanen da bere taldearekin landuko duena, hain zuzen ere, Caja Ruralek “mendekua” hartu nahi baitio aurten Erlaitzi, bertan galdu baitzuen irabazteko aukera iaz. Argi dago lasterketa ikusgarria izanen dela eta inguruko zaleek ere etorkizun batean profesional tropela osatuko duten izenak ezagutu dituztela maiatza hasieran.