Joan den ostiralean Txingudiko Zerbitzuetako greba komiteko bozeramaileak Irungo udal osoko bilkuran hitza hartu ondoren, Txingudiko Mankomunitateko kontseilari diren udal ordezkarien erantzunak epel utzi zituen grebalariak. Lan gatazkan haien "erantzukizun politikoaz arduratu" daitezela eskatu zien Alaitz Egiazabal ELAko ordezkariak, eta hautatu zezatela, "langileen eskubideen alde egin ala Txinzerreko zerbitzua okertzearen alde".
Elkarrekin Podemoseko David Nuñok langileen alde egiten zuela argitu zuen bitartean, EH Bilduko Oihana Brionesek, kontseilari den heinean arduratuta egon ez ezik, hilabeteotan "negoziazioa desblokeatzeko baliabideak jar ditzaten" behin baino gehiagotan eskatu duela, eta lan gatazkaren oinarrian "borondate politikoa" dagoela aitortu zuen. EAJ-PNV eta PPko ordezkariek beren partetik, zuzendaritza eta grebalariei "malgutasuna" eskatu zieten. Eta grebalariek hainbatetan Cristina Laborda alkatea interpelatu badute ere, PSEko Nuria Alzagak erantzun zien, "borondatea egon badagoela" eta "greba normalizatu" dutenik ukatuz.
115 greba egun
Egunak joan, egunak etorri, atzo egin zuten langileek zuzendaritzarekin azken bilera. Greba komiteko ordezkariek salatu dutenez, "bilkurak agerian utzi du jada nabaria zena, Txinzerreko zuzendaritzak ez duela benetako negoziatzeko borondaterik". Diotenez, "deferentziaz" egindako bilera honetan ez zen Leire Zubitur Txinzerreko gerentea izan, ez enpresaren aholkulari juridikoa, ezta teknikaria ere. "Erabakitzeko benetako gaitasunik duen inor gabe egin zen bilera, edukirik gabeko beste bilera bat, negoziazioa luzatzeko eta blokeatzeko estrategia kontziente baten isla", salatu dute.
Baina elkarrizketa faltari beste gertakari larri bat gehitzen zaiola azaldu dute. Grebalariek diotenez, egun berean, zuzendaritzak bilera paraleloa egin baitzuen teknikari kanpokoarekin bere LPT proposamena lantzeko. Hala ere, langileen ordezkaritzak dokumentu hori eskatzean, enpresak ukatu egin zuen, "dena desitxuratuko" zela argudiatuta, eta hurrengo astera arte itxaroteko eskatuz. Jokabide honek negoziazio kolektiboan derrigorrezkoa den fede onaren printzipioa urratzen duela leporatu diote Zubiturri, "prozesuan aurrera egitea eskatzen duen bitartean informazio garrantzitsua ezkutatzen duelako".
Azken asteetan greba komiteak argi azaldu du, egoera desblokeatzeko ardura Irun eta Hondarribiko alkateek daukatela. Mankomunitateko presidente eta presidente ordeak baitira Cristina Laborda eta Igor Enparan. "Txinzer erakunde publikoa da, eta Irun eta Hondarribiko udalen menpe dago zuzenean", gogoratzen dute, "bere arduradun politiko nagusiek, ezin dute beste alde batera begiratzen jarraitu".
Gaur, apirilak 29, Txinzerreko uraren zikloko plantillaren ak 115 greba egun bete ditu. Eta haien ustez, alkate biak dira erantzule zuzenak. "Zuzendaritza babesten dute eta blokeo egoera hau ahalbidetzen ari dira, onartezina da, langileek gatazkari eusten dioten bitartean, erakundeek edukirik gabeko bilerak, informazioa ezkutatzea eta benetako proposamenik eza onartzea", leporatu diete.
Langileek aldarrikatzen dituzten udal langileekin soldata-ekiparazioa, erosahalmenaren berreskurapena, eta ordainsarien KPI bidezko eguneraketa bermatzea negoziatzeko inpl ezean, grebak 'sine die' jarraituko duela iragarri du ELA sindikatuak, eta gaineratu dutenez, grebalariak mobilizazioak areagotzeko prest daude.