Maiatzaren 4an Xareta (Zugarramurdi, Sara, Ainhoa eta Urdazubi) eta Bortzirietako (Bera eta Etxalar) herritarrak elkartu ziren Herri Haitadara hurbiltzeko gomita luzatuz. «Herri Haitadaren helburuak ez dira besta edo lehia egun bat izatea. Auzolan handi bat, herria eraikitzeko eta inposatutako mugen gainetik harremanak sortzeko egun bat izan nahi du». Irakurri zuen prentsaurrekoan Asier Calderon beratarrak.
2018an, mugakideen harremanak indartzeko asmotan, Herri Haitada ospatu zen lehenengoz Saran. Arrakastak bultzaturik, bigarren edizioa ospatu zuten 2019an Ainhoan. Dena dela, 6 urteko geldialdi luzea pairatu zuen bilkurak, pasaden urtean txinparta piztu zen arte. 2025eko udaberrian Zugarramurdik antolatu zuen ekimena, eta Berak irabazi zituen proba gehienak. Horregatik, aurten, Beran ospatuko da Herri Haitadaren laugarren edizioa.
Herri Haitadako baloreak
Herri Haitadaren muina euskara dela argi utzi dute herritarrek. Leire Olagarai etxalartarrak adierazi duenez, euskal herritarrok gure herrien arteko harremanak era naturalean bizi izan ditugu, «beti euskararen bueltan». Horregatik «Euskarak batzen gaitu» izanen da Herri Haitadaren laugarren edizioko leloa.
Herri Haitada errespetuarekiko baloreen baitan eraiki da eta balore hauek mantentzea parte hartzaile guztien ardura dela ohartarazi du Jaione Peruarena urdazubiarrak.
Euskararekiko eta herritarren arteko zaintza bermatzea dira bi balore nagusiak, eta noski, Herri Haitadan ez dute inolako erasorik onartuko. Maialen Txantre zugarramurdiarrak oroitarazi du hori:
«Ez dugu inolako erasorik onartuko eta parte hartuko dugun guztion ardura izanen da hori bermatzea. Bestagunean ere, saretuta egonen baikara, zaintza kolektibotik guztiok besta egun aske batez gozatu ahal izateko».
12 proba
12 proba eginen dira egunean zehar eta herri bakoitzak ordezkari-taldea osatu beharko du. Boteluzea, dantza, bertsoak, herri kirolak, musa, txirrindula, korrika, sukaldaritza eta kultur quizza izanen dira maiatzaren 23an sei herriek egin beharko dituzten frogak. Ekintza guztiak Berako zelai-gorrian gauzatuko dira, boteluzea ezik. Pilota modalitate hau eskolako frontoian eginen da eta eguraldi txarra eginen balu, eztegarako frontoian izanen da hitzordua.