Bigarren eguna bete du Bidasoa Itzuliak. Arantzan hasi da gaurko etapa, eguerditan. 146 txirrindularik hartu dute irteera, Eulen taldeko Marc Torres izan baita lasterketa utzi duen lehen lasterkaria. 163 kilometro zituen tropelak aitzinetik eta lehenak, Berrizaun bitarte, modu neutralizatuan egin dituzte arriskuak ekidite aldera. Hortik aurrera eman diote hasiera errala probari eta Bera bidean izan dira lehen ihesaldi saiakerak, herriak kokatua baitzuen lehen tarteko helmuga. Hor Erlantz Aldayk (Surne Bilbao Cycling), Lleir Fonsek (Torres-Sobato) eta Aitor Ondarrak (Surne Bilbao Cycling) batu dituzte puntuak.
Beratik buelta emanda, Lesakara bidean sortu da eguneko lehen ihesaldi egonkorra, lau txirrindularirekin, tartean Aldayk eta Fonsek eutsi diote indarrari. Beraiekin batera, Callum Twelves (Torres-Sobato) eta Aratz Unanue (Smartlog Nest) abiatu dira. Poliki-poliki tartea zabaltzen hasi dira, baina orduan lasterketa gelditzera behartuak izan dira, Donezteben arbol batek mozten baitzuen errei oso bat eta momentu batez antolatzaileek jarduna eten dute. Hala ere, iheslariak errespetatu eta 1:33ko tartearekin abiatu dira berriz ere Legasa parean. Baztango errepideetatik lortu dute lau txirrindulari hauek tropelarekiko errentarik handiena, 2:47koa. Hortik aurrera, liderraren taldeak, AVC Aix Provence Dolek erritmoa jarri du tropel buruan eta denbora murrizten joan da. Amaiurretik pasatzerakoan lasterketa xehatzen hasi da, aitzinean eta gibelean, eta eguneko lehen mendatea igotzerakoan ere aldaketak egon dira lasterketa buruan.
Ziga goiti Alday gelditu da atzera eta pelotoitik erasoak egin dituzte hainbat lasterkarik. Lehena Sergio Gamez (Caja Rural-Alea) izan da, nahiz eta segidan gelditu behar izan duen arazo mekaniko bat zela eta. Mendiko lehen puntuak ere banatu dituzte orduan, eta ordena honetan igaro dira mendateko punturik garaienetik: Twelves, Forns eta Unanue. Behera zihoazenean, bigarren tarteko helmugan ere puntuak hartu dituzte Twelvesek, Aldayk eta Fornsek eta, Belate bigarren mendatera bidean, Forns izan da gibelera gelditu dena. Pelotoitik aldiz, Manuel Peñasek (Extremadura Pebetero) egin du jauzi. Hala ere, ez dio anitzik iraun erasoak, segidan lasterketa burua ere desegin eta denek elkarrekin egin dituztelako Belateko lehen kilometroak.
Belateko mendatean sortu da bigarren ihesaldia, gaurko eguneko jendetsuena, guztira hamaika txirrindularik egin baitute bat buruan: Mateo Vierge (Grupo Eulen_Amenabar), Simone Galbusera, Emilio Garcia (Finisher/Kern Pharma), Paul Boichis (AVC Aix Provence Dole), Maksym Bilyi (Cortizo), Nil Aguilera (Caja Rural-Alea), Xabat Manso (Telco-on), Haritz Otaegi (Gran Canaria), Maxime Diribarne (Gomur), Eneko Bedialauneta (Eiser-Hirumet) eta Francisco Jesus Fernandez (Extremadura Pebetero). Segundo batzuetako aldea hartu dute hauek guztiek, baina Belate jaisterakoan, lasterketa Ultzaman sartu denean, tropelarekin bat egin dute eta berriz ere elkarrekin egin dituzte Orokietarako bidea. Belaten ordea, lehen mailako mendateko puntu gozoak batu ditu Mansok eta bere gibeletik ere, baten bat poltsikoratu dituzte Fernandezek, Viergek eta Garciak, hurrenez hurren.
Orokieta herrian hirugarren eta azken tarteko helmuga zegoen kokatuta eta hemendik, Marti Gonzalbo (Finisher/Kern Pharma), Raphael Philippe (AVC Aix Provence Dole) eta Urresti pasatu dira lehenak, bertako puntuak ere bereganatuz. Ondotik hasi da lasterketa mugitzen, dagoeneko etaparen erdia baino gehiago egina zuten eta sailkapen orokorreko lehian egon nahi zuten taldeek lehen mugimenduak egin dituzte. Tropela bera ere desegiten joan da eta geroz eta gehiago ziren hanketan nekea sumatzen hasiak ziren txirrindulariak. Hori Orokietako mendatea igotzen ari zirenean nabaritu da, mendiko puntuak ere bertan banatzen baitziren. Emilio Garciak, Marco Martinezek (BBK-Euskadi) eta Maxime Luzi (AVC Aix Provence Dole) izan dira poltsikoratu zituztenak, dagoeneko lehen egunean nabarmendu ziren izenak. Doneztebera bidean zazpi txirrindularik jo dute aitzinera: Gonzalbo, Hugo Tapiz (Finisher/Kern Pharma), Philippe, Robbe Schut (AVC Aix Provence Dole), Bilyi, Gamez, Ibai Irisarri (BBK-Euskadi) eta Gabriel Ibañez (Smartlog Nest). Gehienez ere 26 segundoko aldea hartu dute tropelarekin eta Etxalarrerako sarrera begi bistan zutela, jan dituzte, Caja Rural-Alea gogotik ari baitzen lanean tropel buruan.
Etxalarrera sartzeko bihurgunetan azken ihesaldi bat ere sortu da zortzi txirrindularirekin, nahiz eta horietatik bost izan diren, zazpi kilometro gelditzen zirenean, benetako lehian aguantatu dutenak: Pablo Ortega (Cortizo), Sergio Gamez (Caja Rural-Alea), Asier Castilla (BBK-Euskadi), Maxime Diribarne eta Oscar Vian (Gomur). 40 segundoko aldea atera diote tropelari, nahiz eta azken hauek ere mugitzen hasi diren eta, lau kilometroren faltan, erasoka aritu diren. Lasterketa buruan ordea, geroz eta gutiagok eutsi diote indarrari eta Castilla eta Vian izan dira atzean gelditzen lehenak. Ondotik, Gamez izan da erritmoa jaitsi duena eta Ortega eta Diribarnek aitzinera egin dute, biak bakarrik eta elkarrekin eginda azken hiru kilometroak.
Maldan gora bukatutako bigarren etapa honetan Ortega izan da azkarrena eta denbora berean helmugaratu da Diribarne, bigarren postuan. Bi segundora, hirugarren postuan, Marco Martin sailkatu da eta berarekin batera, hamabi txirrindulariz osatutako taldea sartu da. Horrela bada, bertze txirrindulari batek idatzi du bere izena Bidasoa Itzuliko etapa garaileen artean, Pablo Ortegak, nahiz eta garaipen honek ez duen sailkapen orokorrean aldaketarik eragin, Maxime Luzik (AVC Aix Provence Dole) segitzen baitu maillot horia soinean. Euskaldunaren maillot zuria ere Marco Martinena (BBK-Euskadi) izaten jarraitzen du. Mendiko sailkapenean ordea, Xabat Mansok (Telco-on) kendu dio lekua Luziri, eta tarteko helmugetan Erlantz Alday (Surne Bilbao Cycling) nagusitu da. Azkenik, omenaldi berezia ere jaso du Mikel Arriet Atondo (Oreka IT Zuia) etxalartarrak, bera izan baita lehiakorrenaren saria hartu duena. Bere herrian helmugaratu da gaur etapa eta bereziak izan da eguna berarentzat, batez ere azken kilometroak, hurbilekoak izan baititu ondoan, gogorra izan den etapa batean bultzaka.
Hirugarren eta azken etapa Hendaiatik Irunera
Hirugarren etapa eta azkena, maiatzaren 10ekoa, Hendaiatik hasi eta Irunera joanen da. 107,3 kilometro izanen ditu luze eta 2.321 metroko desnibel positiboa. Ohi bezala, ibilbiderik motzena, baina gogorrena izanen du, guztira zazpi mendate igaroz: Guadalupe, Arkale (2.), Aritxulegi (1.), Agiña (1.), Piedad (3.), San Martzial (2.) eta Erlaitz (1.). Errepide hauek erabakiko dute zein den etaparen eta Bidasoa Itzulia osoaren irabazlea, indarra hobeki neurtzen duenak eta erritmoari eusten dionak eramanen baitu 52. edizioaren txapela.