Luis Alberto Lajarinek eraman du 2026ko Bidasoa Itzuliaren garaipena

Paola Oskoz 2026ko maiatzaren 10a

Finisher/Kern Pharmako murtziarrak sailkapen orokorrean ez ezik, gaurko hirugarren eta azken etapan irabaztea ere lortu du. Podiumeko bigarren koskara Francisco Fernandez (Extremadura Pebetero) igan da eta hirugarrenera berriz, Marco Martin (BBK-Euskadi). Azken hau izan da lehen euskalduna. Lehen gipuzkoarra ordea, Eneko Oliveira (JRG Coloma) izan da eta lehen bidasotarra, Mikel Arriet Atondo (Oreka IT-Zuia) etxalartarra. Sergio Gamezek (Caja Rural-Alea) irabazi du mendiko sailkapena, baita gazteena ere. Azkenik, tarteko helmugetako irabazlea, Hugo Tapiz (Finisher/Kern Pharma) izan da.

Bidasoa Itzuliak badu izen berria, bere historiaren palmaresean zizelkatzeko: Luis Alberto Lajarin. Finisher/Kern Pharmako txirrindulariak balentria egin du gaur, une erabakigarrira arte esperatu baitu lasterketa buruarekin bat egin eta azken metroetan tartea hartuta, bakarka gurutzatzeko Kolon Pasealekuan ezarrita zegoen helmugako marra. Horrela, sailkapen orokorreko garaipena ez ezik, hirugarren eta azken etapakoa ere lortu du murtziarrak, amateur mailako proba garrantzitsu honetan nabarmenduz.

Hendaian hasi dute hirugarren eta azken eguna 129 txirrindularik eta Guadalupera bidean jarri dira segidan, egunaren aurreikuspena egiten zuten maldan igotzen hasteko. Bezperan egindako esfortzua lehen kilometro horietan sumatzen hasi da dagoeneko, tropela zatitan mozten hasi baita lehen igoeran eta txirrindulariak, tantaka, gibelera erortzen. Bertze hainbertze ordea, lehiarako gogoz zeuden eta lehen erasoak jotzen ere hasi dira. Hala ere, indar horiek alferrik izan dira, helmuga oraindik urrun zegoelako, memento horretan 100 kilometro baitzituzten oraindik aitzinetik eta sei mendate gainditzeko. 

Horrela bada, elkarrekin joan dira Aritxulegiraino mendateetan puntuak eskuratzeko lasterkari batzuek egin dituzten esprint motzak kenduta. Aurrean zihoazen 40 txirrindulariak bitan puskatu dira ordea, Gipuzkoa eta Nafarroa banatzen diren mugan. Euren artean, hala ere, segundo bakar batzuetako aldea zegoen. Jon Zuburruti (Eiser-Hirumet) saiatu da tartea ateratzen, eta minutu erdiko errentarik handiena lortu du bertze bi lasterkarirekin: Sergio Gamez (Caja Rural-Alea) eta Xabat Manso (Telco-on). Agiñatik ere ordena horretan pasatu dira hiruak eta Lesakatik Piedadera bidean aldiz, benetako lehia hasi da. Tropelean une erabakigarriak hurbil zeudela sentitu zitekeen eta gaurko helmugan aukera izan nahi zuten taldeak lanean hasi dira. 

Piedad goiti, hirukote batek hartu du lasterketaren agintea, aitzinetik lehian ari ziren Gamez eta Manso, baita Finisher taldeko Hugo Tapiz ere. Gibeletik, laukote bat zuten segika: Narcis Monturiol (Caja Rural-Alea), Haritz Otaegi (Gran Canaria), Zuburruti eta William Mills (Hostal Latorre). Horrela egin dituzte hurrengo kilometroak, San Martzialera bidean, eta minutu bateko gehienezko aldea lortu du tarte horretan aitzinetik hirukoteak bigarren taldearekin. Pelotoiarekin berriz, bi minutuko errenta lortu dute. 

Azken bi mendateak igotzeko unea ailegatu da orduan. San Martzialen ordena berean aritu dira eguneko gerri kolperik handienak ematen, baita Erlaitzen ere. Hala ere, gibeletik, lasterkari gehiago batu dira hirukoteari hurbiltzeko ahaleginetan, tartean Maxime Luzi (AVC Aix Provence Dole) liderra. Maillot horiari eutsi nahi zaion honek eta bera izan da, hain zuzen ere, tropelaren erritmoa markatu duena eta talde honetatik bultza aritu dena. Pelotoitik ere, Luzirekin batera, Luis Alberto Lajarin (Finisher/Kern Pharma), Marco Martin (BBK-Euskadi), Francisco Fernandez (Extremadura Pebetero) eta Eneko Oliveira (JRG Coloma) nabarmendu dira. Horietako batzuk, Erlaitz behera, aurreko hirukotearekin bat egitea lortu dute eta horrela, azken kilometroetan egoera berri bat sortu da lasterketan. 

Gurutze aldean, Lajarin, Tapiz, Luzi, Gamez eta Fernandez zeuden lasterketa buruan eta hogei segundora zituzten Mateo Vierge (Eulen), Iker Perez, Nil Aguilera (Caja Rural-Alea), Martin eta Oliveira. Lehen taldean zegoen lehia bizia, Gamez kenduta, bertze guztiak zituztelako Bidasoa Itzulia irabazteko aukerak. Hala ere, bazekiten Luzik ez zituela metroak galduko, ez zituela maisuki jaitsi Erlaitzeko malda arriskutsuak maillot horia uzteko. Helmugara ailegatzeko hiru kilometro gelditzen zirenean ordea, gertatu da ezbeharra. Txirrindulari frantsesa biribilgune batean sartzerakoan erori da eta bizikleta aldatu duenerako, lasterketa buruak alde egina zuen garaipenarekin batera. Azken metroetan, Lajarinek tartea zabaldu du bertze txirrindulariekiko, esprintean azkarrena ez zela bera izanen aurreikusita. Lana ederki eginda, berak altxatu ditu besoak aurtengo edizioaren azken etapan. Bigarren postuan, Gamez sailkatu da eta hirugarrenean aldiz, Tapiz. Gaurko lehiakortasunaren saria, Peio Munduaterentzat izan da (JRG Coloma).

Sailkapen orokorrean beraz, Lajarin izan da lehen postuan bukatu duena, Bidasoa Itzuliaren 52. edizioaren txapela jantziz. Podiumeko bigarren koskara igan dena, Francisco Fernandez (Extremadura Pebetero) izan da eta hirugarrenera, Marco Martin (BBK-Euskadi). Martin izan da lasterketan sailkatutako lehen euskalduna ere. Lehen gipuzkoarra berriz, Eneko Oliveira (JRG Coloma) izan da eta lehen bidasotarra, Mikel Arriet Atondo (Oreka IT-Zuia) etxalartarra. Mendiko maillota Sergio Gamezek (Caja Rural-Alea) eraman du, baita gazteenarena ere. Tarteko helmugetako irabazlea, Hugo Tapiz (Finisher/Kern Pharma) izan da eta Bidasoa Itzuliaren talderik onena, azkenik, Caja Rural-Alea.

Etxalarko txirrindularia, aurtengo Bidasoa Itzuliko lehen dortsala eraman duena, pozik gelditu da hiru egunetan egindako lanarekin, baita sailkapenean lehen bidasotarra izatearekin. Horrelako maila duen lasterketa batean nabarmentzea beti baita garrantzitsua etorkizuneko ibilbidearentzat. Gauza bera azpimarratu du Martinek ere, lehen euskaldunak, eta sailkapen orokorrean hirugarren lasterkariak. Euskadiko txirrindulariak garaipena nahi bazuen ere, “ikusita ondoko guztiek eman duten maila”, harro egoteko garaipenak lortu dituela onartu du. 

Abraham Olanok ere balorazio positiboa egin du Itzuliaz. Azken kilometroetan gertatutako istripua penaz hartu du lasterketaren zuzendariak eta, horrelakoetan erabakiak hartzea antolakuntza taldeari egokitzen zaionez, zaila izan dela aipatu du garaipena nori eman ebaztea. Hala ere, egin beharrekoak eginda, errespetu guztiarekin, maila altuko edizio izan dela goraipatu du. Aurreikusitakoa gertatu da hiru etapetan eta txirrindulariek ere esperotako maila eman dute Olanoren iritziz. Horrela bada, 52. edizioa itxita, hurrengoari ateak ireki dizkio zuzendariak, hiru beharrean lau egun izatea amestuz, bidasotarrei ere aukerak ematen segitzeko helburuarekin. 

(Argazkia: Oskar Blanco)