Nafarroako V. Hari Topaketa: Maiatzaren 15ean Beran

Lizar Elexpuru 2026ko maiatzaren 12a

150 musikarik beteko dute Berako Herriko Etxeko plaza ortzirale honetan 18:30ean. Nafarroako 10 musika eskola desberdinetako biolinek, biolek, biolontxeloek eta kontrabaxuek munduko musikak interpretatuko dituzte. 

 Herri txikietan edo auzoetan musika ezagutza zabaltzen dute musika eskolek. Entseguz entsegu, ikasturtean zehar ikasitakoek zentzua hartzen dute oholtza gainera igo eta hurbilekoen babesa sentitzean. Kontzertu eta entzunaldi ugari eskaini dituzte aurten Berako Musika Eskolakoek, baina ortzirale honetan, hitzordu ezohikoa izanen dute: Nafarroako V. Hari Topaketa.

Nafarroako hariak elkartzea helburu duen ekitaldia da ortziralekoa. 2018an ospatu zen lehenengoz, Tuterako “Fernando Remacha” musika eskolako Raquel Cuartero irakaslearen iniziatiban. «Musika eskoletako ikasleei orkestra handi batean jotzeko aukera eskaini» nahi zien. Nafarroako bertze musika eskoletako lankideekin elkarlanean loratu zuten Nafarroako Hari Topaketa. 

Berako Musika Eskolari dagokionez, Maider Aizpuruak eskaini dizkigu topaketen inguruko xehetasunak. Pasa den urtean batu zen Berako Musika Eskola topaketara. Erriberrin erdi aroko musika interpretatu zuten, eta esperientzia paregabea baliatuz, aurten Berara gonbidatu dituzte Nafarroako bertze hainbat musika eskola. 

Ortzirale arratsaldean Berako plaza munduko musikak girotuko du: Japonia, Mexiko, Argentina, Europa Ekialdea edo Hegoafrikan zehar, musikaren bidez, eginen dute bidaia Berako Musika eskolako lau ikaslek, Nafarroako bertze 146 partaiderekin batera.

 Iruñea, Erriberri, Zangoza, Orkoien, Elortzibar, Aranguren Ibarra, Tutera, Berriozar, Atarrabia eta Burlatako musika eskolek bisitatuko dute Bera.