Maiatzaren 16an ate irekien eguna antolatu du Jaitzubiko zalditegiko hipika klubak. Emakumezkoa nagusi duen kirola da hipika gure eskualdean. Zalditokiko ordezkariek diotenez, kirol honetan ari diren bidasotarren %75 emakumezkoa baita, baina denei irekitako kirola da. Amazona, zaldizko edo zaldi-hezitzaile izan gabe, aisialdi denbora gozatzeko alternatiba ere, zaldien irrintzi eta trosta artean, naturarekin harremanetan probatu daitekeela erakusteko antolatu dute jardunaldia.
Xabi Berrotaran, zalditegiko kideak dioenez, adin guztietarako aproposa da hipika. «Hemen 3 urtetik hasten dira eta jubilatuak ere badira hastapenak egiten dituztenak», dio. Maiatzaren 16an, hain justu, zaldian probatu nahi duen orok zalditegiko ateak zabalik topatuko ditu. Eskarmentua dutenentzako irteera batekin hasiko dute eguna 8:30ean, Hondarribiko Higer itsasargiraino eta Guadalupera. Hasiberrientzat, aldiz, ponian ibiltzeko aukera emango dute zalditegian bertan. 12:30ean klubean dabiltzan guraso eta haurren arteko futbol partida jokatuko dute, eta paellada batekin borobilduko dute goiza. Haurrentzako gaztelu puzgarriak ere egongo dira, eta bazkalondoan jolasak, animazioak, eta ponien lasterketa egingo dute. Ondoren, 19:00etatik aurrera, Azeitunas con hueso taldearen kontzertua, diskofesta (21:00etatik 23:00etara), eta festa jarraitu nahi duenak Jumping Pub zalditegiko taberna karaokea ere izango du aukeran.
Denen eskura dagoen esperientzia
Jaitzubiko zalditegia Bidasoa eskualdearen erdi erdian egonagatik ere, aski ezezaguna dela uste du Berrotaranek. Eta halako jardunaldietan hipika gizarteratzeko beharra ikusten du. «Irun, Hondarribia eta Hendaiako jendea ere ibiltzen da zaldian hemen, baina jende askok ez du lekua ezagutzen, eta merezi du mundu honetara hurbiltzea», dio klubeko kide eta irakasleak, «etorri eta probatu besterik ez da egin behar».
Alde horretatik, hipika edo zaldian ibiltzeko diziplina ezberdinak (doma klasikoa, jauzia, oztopo-lasterketa, ekitazio lehiaketa, raid, poniak, zaldi-lasterketa edota T.R.E.C ibilaldiak) ere ezezagunak ditu kaleko jendeak. Ekainaren 12tik 14ra, hain justu, Euskadiko Jauzi Txapelketa ospatuko dute haien instalazioetan. Hala ere, pixkanaka zaldi-kirolak ezagutzara ematen hasi dira Jaitzubiko klubean. «Arratsaldetan Eskola Kirola eskaintzen dugu ikasturtean zehar, gabonetan eta aste santuko oporretan, eta udako ikastaroak ere egiten ditugu», azaldu digu Xabi Berrotaranek. Irakaslea da zalditegian, eta maila pittin bat lortuta, mendian zaldiz txango bat egiteko aukera zoragarria dela azpimarratzen du.
Era berean, zaldiaren mundua patrika gutxi batzuentzat erreserbatua dagoelako uste okerrarekin apurtu nahi dute Jaitzubiko hipika klubean. «Askok pentsatzen dute elitista dela, eta goi mailako kirol konpetizioan dabilenaren kasuan izan daiteke, baina ikastaro bat egin eta gozatzeko ez da beste kirol batzuk baino garestiagoa», argitzen du Berrotaranek. Jaitzubiko ikuiluetan jabe pribatua duten zaldiak badira, baina klubak ikastaroetarako erabiltzen dituztenak ere. «Oso lasaiak dira, ohituak daude, eta erraza da hasi nahi duenarentzat», dio.
Zaldi mota ezberdinak dituzte gainera, ikasleen adinaren araberakoak. Zaldi handiak ez ezik poniak ere badira, eta bi euskal pottoka ere eskuratu dituzte. Izan ere, espezie hau berreskuratzeko proiektu bat martxan du Jaitzubiko hipika klubak, zaldia baino txikiagoa bada ere, bertako zaldia delako.
Larunbatean ateak zabalik izango dituzte Jaitzubiko zalditegian.