Aireportuak eragiten dituen arazoak aztertzeko bilera egin dute Hendaian

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 20a

Hendaiako aireko espazioaren okupazioaren aurkako herritar kolektibo batek iaz 1.300 sinadura bildu zituen hegazkinen zarata, ingurumen eta osasun arazoak eta segurtasun neurriengatik kezkaturik. Estatuak esku-hartu dezala eskatu zioten Kotte Ezenarro alkateari. Eta orain, Hendaiako herriko etxean, tokiko agintariek, prefetak eta aireportuetako estatu ordezkariek lan bilera egin dute egoera aztertzeko. 

Hondarribiko aireportuaren espazioa partekatzeko 1992 urteko Akordio Binazionalaren baitan, atzo aireportuak eragiten dituen arazoei buruzko bilera egin zuten Hendaiako herriko etxean. Kotte Ezenarro auzapezaz gain, Miarritzeko auzapeza, Serge Blanco, Pirinio Atlantikoetako prefeta eta Miarritzeko Parma zein Hondarribiko aireportuetako estatu ordezkariek parte hartu zuten bileran.

Zehazki, Hondarribiko aireportuak Hendaian sortzen dituen zarata, ingurumen eta osasun arazoak, aire nabigazioaren espazioari dagokion okupazioa eta segurtasun neurriak izan zituzten hizpide. Gogoan hartu behar da, azken urteetan hendaiarrek kezka adierazi dutela aireportuari buruz. Eta 2025eko uztailean Paco Durandeau Hondartzako auzokidearen ekimenez 1.300 sinadura baino gehiago bildu zituzten «Stop aux survols de l’aéroport de Saint-Sébastien» petizioa chenage.org plataforman abian jarri ondotik. Eskaera hartan, hegazkinek Hendaia gainetik pasatzea galarazteko galdegiten zuten. Izan ere, Durandeu bezala, Hondartza auzoko bizilagun askoren balkoietatik metro gutxitara pasatu ohi dira hegazkinak Hondarribiko aireportuan lur hartzerako garaian. Harekin batera, Mirentxu Irigoyen irakasle ohia, Jean-Marc Idrac medikua edota Patrick Ferret militante ekologista ere batu zitzaien. Hendaiako herriko etxeari eskaera ofiziala ere luzatu zioten, Frantziako estatua interpelatu dezan eskatuz. 

Bidenabar, Hondarribiko aireportuan lur hartzen duten hegazkin guztiek Hendaia gainetik pasatzen dira, itsasotik iritsita hartzen baitute pista. Eta horrek Hendaiako hirigintza ere baldintzatzen du, eraikuntzen altuera mugatzen baitu segurtasun arrazoiengatik. Era berean, kolektibo honek aireportuko pistatik 100 metrora dagoen Txingudiko Badiak jasotzen dituen 200 hegazti migratzaile espezieen defentsa ere argudiatu du. Baina hendaiar askorentzat aireportuak suposatzen duen osasun arriskuaz kexu dira espresuki. Hegazkinen keroseno erregaien isuriengatik batetik, eta etengabea den motorren harrabotsagatik bestetik.