Euskarak batzen gaituela adierazi zuen bertze behin ere Herri Haitadak

Lizar Elexpuru 2026ko maiatzaren 26a

Irudia: Eneritz Zapiain Abuin

 Herri Haitadak Ainhoa, Sara, Zugarramurdi, Etxalar, Urdazubi eta Bera elkartu zituen maiatzaren 23an. Euskara erdigunean jarrita, joko eta besta giro paregabeaz gozatzeko. 

Kamiseta urdin (Bera), gorri (Urdazubi), berde (Etxalar), laranja (Etxalar), zuri (Sara) eta arrosak (Zugarramurdi) jantzirik azaldu ziren Berako zelai gorrira Xareta eta Bortzirietako herritar partaideak. Probetan parte hartzeko ilusioa, urduritasuna eta gogoak nagusitu ziren.

Bote luzea Eneko Pelletraten omenez

 Lehen proba 8:45ean hasi zenerako eguzki izpiek gogor jo zuten, hala ere, frontoiaren itzalpeak babesten zituen bote luzean aritu behar ziren jokalariak. Eskuzko pilota modalitate zaharrenetariko bat da bote luzea. Aurkariak aurrez aurre dihardute, eta pilotak ez du normalki hormarik jotzen, errebotean ez bada. Aitzina, pilotalekua belar soroa izaten zen, eta egun, plaza librean jokatu ohi da, Herri Haitadan zehazki frontoian jokatu zuten.

Irudia: Eneritz Zapiain Abuin

Zugarramurdi eta Sararen arteko final laurdenarekin hasi zen txapelketa. Publikoaren animoen bulkadaz,  kamiseta arros eta zuridun pilotariek indarrez ekin zioten jokoari. Txapelketak ordu bata erdiak bitarte iraun zuen, izan ere, lehen partidatik aintzin, bertze hamaika partida jokatu ziren.

Final handira bortziritarrak iritsi ziren, beratarrak eta etxalartarrak. Talde beratarra gailendu zen azkenik. Baina noski, emaitza honek ez zuen txapelketa borobildu, maitasun keinu sakon batek baizik. Bote luzea jokatu zen frontoian, Eneko Pelletraten isla irudikatu zuten pankarta batekin, horrela, pasa den urtean zendu zen zugarramurdiarra, momentu oro gogoan izan zuten Herri Haitadan. Xareta eta inguruan bote luzea sustatu zuen Enekok eta oro har pilota munduan, aztarna sakona utzi zuen herritarrengan. Ohorezko sakea egin zuen bere bikoteak, eta Ellande Alfaro zugarramurdiarrak lau bertso eskaini zizkion. 

Argazkia: Eneritz Zapiain Abuin

Irudia: Eneritz Zapiain Abuin

Bizikleta, korrika, herri kirolak eta bertze hainbertze

Bote luzea jokatzen ari zen bitartean, bizikleta eta lasterka ere aritu ziren herritarrak. 9:00ean bizikleta froga hasi zen  eta 10:30ean berriz, lasterkaldia. Bitartean trikitiek goiza girotu zuten, eta zelai gorrian taloak, pintxoak eta ogitartekoak eskaini zituzten. Bote luzeari amaiera eman zitzaion, baina, Herri Haitadak oraindik bazuen zer eskainia. Kirol probak nagusitu baziren ere, mahaiaren bueltan eseri, tertulian ari, eta bitartean kartetan aritzeko parada ere izan zuten zenbaitek musarekin. Jokoaz gain, kulturak ere merezitako tartea izan zuen. Goizean bertsoekin, eta arratsaldean kultur quizz probarekin. Ortzi Idoate, Etxahun Azkarraga, Amets Arzallus, Enaitz Zestau eta Julen Zelaieta aritu ziren bertsotan. Era berean, kozinatzeko tartea izan zuten sukaldearen maitaleek.

 

Irudia: Eneritz Zapiain Abuin

Kirola izan zen hala eta guztiz ere protagonista nagusia. Herri kirolen txanda iritsi zen 14:00ean. Sokatira, ingude altxatzea, egur proba edo arpana izan ziren jokatu ziren modalitateak. Herri kirolak amaiturik, zuzeneko musikaren konpainiaz, dantzarien txanda heldu zen. Herri bakoitzak bi koreografia sortu zituen: bata tradizionala eta bertzea modernoagoa.  Iluntze aldera, eguna era ezin hobean amaitzeko, 400 pertsona elkartu ziren Seaskak prestatutako afarian. Eta nahiz eta eguna luzea eta neketsua izan, jendeari ez zitzaizkion indarrak bukatu, DJ Perryren konpainian besta giroan jarraitzeko. 

Irudia: Eneritz Zapiain Abuin