Gipuzkoako Euskotren sarearen zatirik zaharrena da gaur egun, Oiartzun-Hendaia zatian azken berritze lanak 1994an egin baitzituzten. Eusko Jaurlaritzak joan den martxoan iragarri zuen Gipuzkoako Euskotren zerbitzuen azpiegiturak hobetzeko 25,1 milioi euroko hiru urteko inbertsio plana zuela. Eta horren baitan, Irungo Ficoba eta Hendaiako tren geltokien arteko pasabidea berritzea aurreikusten zutela.
ETS erakundeak argitu duenez, Oiartzun-Hendaia zatian hobekuntzak eta Ficobako geltoki berria sortu, edota Hendaiako tren geltokia berritzeko lanak egin badira ere, trenbideari dagokionez, azken berritze lanak 1994an egin zituzten. Herrera-Errenteria (1995) eta Eibar-Deba (1998) zatiak ere zahartuak daude, baina Irungo Nazioarteko zubiak esku hartzea behar du, eta heldu den udazkenean hasiko dituzte lanak. Alde horretatik, Lasarte Oria/Donostia/Hendaia lineak ia 19 milioi bidaiari jaso zituen 2025ean.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak aditzera eman duenez, Bidasoa ibaiaren gaineko topoaren Irungo Nazioarteko Zubiaren trenbidea berritzeko 2,5 milioi euro esleitu berri dituzte. Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundearen bitartez burutuko dituzte obrak, eta Construcciones Moyua S.L. enpresak udazkenean hasiko ditu birgaitze lanak. Iragarri dutenez, 16 hilabeteko esku-hartzea beharko dute, izan ere, hormigoizko elementuak karbonataziotik babestea, landaredia eta gainazal kaltzifikatuak kentzea, junturak berritzea eta kaltetutako harlanduak berreraikitzeaz gain, baranda ere berrituko dute. Era berean, tarteko trenbidea berritu egingo dute.
Euskal Trenbide Sareak argitu duenez, Gipuzkoan eta Bizkaian egiten duten trenbide-sarearen etengabeko azterketetan egindako azken ikuskapenetan identifikatutako hainbat patologia eta gabezia zuzentzeko lanak izango dira hauek. Eta lehen fasean, zubiaren P1 eta P4 zutabeen zimenduen errefortzua ere jasotzen du proiektuak. Ondoren, zubi gaineko trenbidearen konponketarekin jarraituko dute, eta horretarako aldamioak instalatu beharko dituzte.