Zia erreka txukundu eta igerileku natural bihurtzeko auzolana eginen dute Beran ekainaren 10 eta 11n.

Lizar Elexpuru 2026ko ekainaren 9a

Berako igerilekuen itxieraren aurrean, Frantxia Haltzuet plaza egokitu eta erreka bazterrak garbitzeko auzolanerako deia egin du Labiaga Ikastolak. Asier Gogortza beratarrak iniziatiba honen inguruko xehetasunak eskaini dizkigu.

Araudiak betetzeko ahaleginak egin diren arren, aurten ezinezkoa izanen da Nafar Gobernuak zehazten dituen osasun, higiene eta segurtasun irizpideak bermatzea. Horregatik, igerilekuak ixtera behartua egon da Berako Udala. Honen aurrean, hala ere, beratarrak ez dira burumakur geratu, eta hainbat iniziatiba planteatu dituzte. Adibidez, Zia errekako zati bat txukundu eta igerileku natural bihurtzea.

Asier Gogortzak azaldu duenez, Ikastolako batzordean iradoki zuten ekimena. Aurtengo udan igerileku publiko ezak eragindako kezkek alternatiba desberdinak irudikatzera bulkatu zituzten, eta erabaki zen haurrentzat eta helduentzat zerbait proposatzea, zehazki «herri erdian dagoen zatia txukundu eta erabiltzen hastea».

«Errekak hor daude betidanik, beti erabili izan dira. Igerileku publikoarekin, eta etxeetan ugaritu diren igerileku pribatuekin gauzak aldatu dira»

Hala ere «denontzat eskuragarria» izanen den eremu bat egokitzea izanen da irtenbidea. Asierren hitzetan, «haurrek ez dute anitz behar, haur gehiago inguruan izatea» baizik.

Erreketara itzultzeko modu bat

«Errekei bizkar eginda bizi garen garai honetan, berriz ere begirada eta ekintzak errekara bideratzea» ongi legokeela hausnartu du Gogortzak. Auzolanean erreka txukunduko dute lehenik; kristal, hondakin, harri handi edo traban egon daitekeena zokoratuz. Erreka bazterrari ere beharrezko astindua emanen diote bertan dauden sasi, zuhaixka edo bertzeak moztuz. Ingurua egokituko da familiak eta haurrak segurtasunez, lasai ederrean, jostetan ari daitezen.