Gurutze Gorriak 463 errefuxiaturi lagundu die EAEn 2025ean

Aitor Errazkin 2026ko ekainaren 15a

Gurutze Gorriak 463 errefuxiatu eta nazioarteko babes-eskatzaile baino gehiagori lagundu die Euskadin 2025ean, harrera eta gizarteratze prozesuetan. Programak ostatua, laguntza juridikoa, hizkuntza ikasketa eta arreta psikosoziala eskaintzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin martxan dagoen Autonomia Faseak 39 pertsonari bizitza independenterako bidea egiten lagundu die. Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta, sentsibilizazio jarduerak egingo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta, Gurutze Gorriak nabarmendu du Euskadin egiten duen lana nazioarteko babesa bilatzen duten pertsonen harrera eta gizarteratze prozesuetan. 2025ean, guztira 463 pertsonak parte hartu dute Harrera Sisteman, hiru lurraldeetan banatutako 249 plazaren bidez.

Parte-hartzaileen artean nagusi dira Mali, Senegal, Venezuela, Siria eta Saharatik etorritako gazteak, batez beste 31 urtekoak. Programak ostatua eta mantenua eskaintzeaz gain, laguntza juridikoa, arreta psikologikoa, hizkuntza ikasteko aukerak eta gizarte-orientazioa ere eskaintzen ditu, pertsonen autonomia eta integrazioa sustatzeko.

Harrera-fasea amaitutakoan, gizarteratze prozesuak aurrera jarraitzen du. Horretarako, 2025ean Autonomia Fasea jarri da martxan Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin. Lehen urte honetan, Gurutze Gorriak 39 pertsonari lagundu die etxebizitza, enplegua eta eguneroko bizitzarako beharrezko trebetasunak eskuratzen.

Errefuxiatuen egoeraren inguruko ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzeko, ekainaren 16tik 22ra hainbat jarduera egingo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Escape room moduko dinamikak, elkarrizketa-guneak, kirol-topaketak eta role playing jarduerak antolatuko dira, herritarrak errefuxiatuek bizi dituzten erronketara hurbiltzeko eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza sustatzeko.