Motorrentzako aparteko ikuskaritza espazioa sortu dute Zaisako IAT-ITV zentroan

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 16a

2025ean Euskadiko IAT-ITV sare osoan moto eta ziklomotor gehien ikuskatu zituen zentroa izan zen Irungoa, orotara 7.500 ikuskaritzarekin. Hartara, emakida berrian Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak motorrentzako aparteko box bat sortzeko baimena eman du, ibilgailu hauen zerbitzua optimizatzeko. Gainera kotxeentzako laugarren linea bat sortuko dute ibilgailuen fluxuak arinago kudeatzeko. 

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du moto eta ziklomotorretarako ikuskaritza egiteko espazio bat ezartzeko Irungo IATean. Itelevesa taldeak, IAT-ITV zerbitzuaren Euskadiko emakidadunetako batek, bere gaitasun operatiboa indartu egingo du Irungo Zaisan duen zentroan. 2025ean 7.500 motorren ikuskaritza egin ondoren, horrelako ibilgailuentzako aparteko espazioa sortzeko baimena eman du jaurlaritzak emakida berrian. Argitu dutenez, Irungo IAT-ITV zentroa lider absolutua da segmentu horretan, bai Euskadiko estazioen artean, bai Itelevesa taldeak Espainiako Estatuan daukan estazio-sare osoan ere.

Eusko Jaurlaritzako Industria sailak argitu duenez, motozikleta eta ziklomotorretarako ikuskaritza-zerbitzu bat martxan jartzea baimendu du Irungo IAT-ITV estazioan. Horretarako antolatu den box espezifikoaren helburua erabiltzaileen segmentu horrentzako arreta optimizatzea da, bai eta estazioaren gaitasun operatiboa areagotzea ere.

Halaber, proiektuaren barruan, ibilgailuak ikuskatzeko laugarren linea unibertsala ere martxan jarriko dute datozen asteetan eta, horrela, zerbitzua indartu eta estazioa egokitu ahalko dute, Bidasoaldeko jarduera bolumena gero eta handiagoa dela kontuan hartuta. Alde horretatik, eskari handiagatik erabaki dute motorrentzako aparteko espazio bat diseinatzea. Honi esker, ibilgailuen fluxuak askoz modu arinagoan eta eraginkorragoan kudeatu ahalko dute, estazio osoaren zerbitzua hobetuz, eta aldi berean, motor gidariei zerbitzu espezifikoa eskainiaz.