Surf egokituaren estatuko gailurrera iritsi da Hondarribiko HS2 klubeko Saioa Uharte irundarra

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 16a

Hondarribiko HS2 klubeko Saioa Huarte kirolari irundarra Parasurfingeko Espainiako txapeldun izendatu da Stand 1 Emakumezkoen kategorian, joan den asteburuan Kanaria Handiko Las Palmasen jokatu den Gran Canaria Surf No Limit txapelketan. 18 urte dituela, bidean topatu dituen oztopo guztiak gainditu ditu.

Lorpen honek duela hamar urte hasi zen ibilbide luze baten gailurra irudikatzen du. Izan ere, Saioak 2016an ezagutu zuen surf egokitua, Aritz Aramburuk eta Kind Surf ekimenak Zurriolako hondartzan antolatutako jardunaldi batean. Esperientzia hark surf zaletasuna piztu zion, eta horrek Zarautzen eta Hossegorren antolatutako topaketa eta jardueretan parte hartzera eraman zuen. Ondoren, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren bidez, Hondarribiko HS2 klubean eta Miren Zabalarekin batera garatutako Supérate proiektuan sartu zen, eta bertan surfa eta paddle surfa modu erregularrean praktikatzen hasi zen.

Bere kirol-ibilbidean mugarri garrantzitsua 2022an iritsi zen, lehen aldiz Korkoiak Surf Jaian parte hartu zuenean. HS2 klubeko Iñaki Navascués 'Triki'rekin batera bizi izan zuen esperientzia hark helburu berri baterako ateak ireki zizkiola aitortzen du kirolariak. Alegia, surf egokituan lehiatzea.

Bistan da, bere bilakaera etengabea izan dela. 2024an Aínsako Pirineos SUP Festival jaialdian txapeldunorde izan zen Sub-16 kategorian eta Red Paddle proban, eta hainbat podium eskuratu zituen paddle surf eta dragoi-ontzi lehiaketetan ere. Urte berean Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen.

Haatik, azken denboraldia ezusteko oztopo batek markatu zuen. Parasurfingeko estatuko zirkuituan debuta prestatzen ari zela, ebakuntza kirurgiko bat egin behar izan zioten, eta horrek bere kirol-planak aldi baterako eten zituen. Hala ere, Galiziako Patos hondartzan jokatutako Parasurfingeko Europako Txapelketara joan zen International Surf Association (ISA) erakundearen sailkapen medikoa egiteko. Bertan Stand 1 kategorian sailkatu zuten, goiko gorputz-adarretan desgaitasuna duten kirolarientzat gordetako kategorian. Gainera, Espainiako selekzioko hainbat kide ezagutzeko eta modalitate honetako maila handia gertutik ezagutzeko aukera izan zuen.

Hilabeteetako errekuperazio eta entrenamenduen ondoren, Kanaria Handiko Espainiako Txapelketa bihurtu zen denboraldiko helburu nagusia. Las Palmasen, itsasoaren baldintza zailak gorabehera, Saioa Huartek maila bikaina erakutsi du eta Stand 1 Emakumezkoen kategorian Espainiako txapeldun izatea lortu du. 

Kirol-emaitzatik harago, "txapelketa honek urteetako ahaleginaren, konpromisoaren eta gainditze pertsonalaren saria irudikatzen du", HS2 klubeko ordezkarien arabera. Espainiako txapeldun titulua bere palmaresean gehituta, eta 18 urte besterik ez dituela, Saioa Huartek etorkizunari lehen aldiz surf taula batera igo zeneko ilusio berarekin begiratzen dio.