Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eta Baztan eta Bortzirietako Udalek, baita zaharren egoitzek ere, heldu diren urteetan bertan gauzatuko den euskara planaren akordioa sinatu dute gaur goizean Lesakako Andra Mari zahar etxean. Bertan izan dira Euskarabideko zuzendari kudeatzailea den Javier Arakama, Ladis Satrustegi Lesakako alkatea eta Andra Mari zahar etxeko erakunde autonomoaren lehendakaria, Laura Apezteguia Lesakako egoitzaren zuzendaria, Aitor Elexpuru Berako alkatea eta San Jose Asilo Ospitalea Fundazioaren lehendakaria, Agurtzane Obregozo Berako egoitzaren zuzendaria, Fernando Anbustegi Baztango alkatea eta Zaintza Lanak enpresa publikoaren lehendakaria eta Angela Nagore Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitzaren zuzendaria.
2024an elkartu ziren lehen aldiz Baztango eta Bortzirietako alkateak kezka batek bultzatuta. Bi eskualdeetako zaharren egoitzetako langileen herenak erdaldunak zirela ohartu ziren eta beraz, bertako egoiliarren eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen ez zirela ikusi zuten. Eskualdeari eragiten zion arazoa zela ikusirik, eskualde mailako erantzuna ematea beharrezkoa zela iritzi zioten eta helburu horrekin jo zuten Euskarabidearengana laguntza eske. Javier Arakama bertako zuzendari kudeatzaileak argitu duen moduan, “2025ean hiru alkateek eta zahar etxeetako arduradunek laguntza eskatu zuten, zaintza lanpostuetan dauden langileek euskaraz ez zekitelako”.
Laguntza hori eskaintzeko asmoz sinatu dute gaur goizean heldu diren urteetan gauzatuko den euskara planaren hitzarmena. Dagoeneko hasiak dira zenbait ekintza antolatzen. Arakamak jakinarazi du, “prozesuak lanketa tekniko luzea” izan duela eta horren baitan, “diagnostikoak egin dira, beharrak identifikatuz eta euskara hizkuntza bermatzeko neurriak proposatuz”. Hain zuzen ere, hori delako proiektuaren helburua “egoiliarren hizkuntza eskubideak bermatzea”. “Gizarte zerbitzuetan komunikazioa ezinbestekoa da eta zaintzaren zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko osagaia da”, gaineratu du Arakamak.
Kontuan hartu beharra dago zaintza lanetan ari direnak, hein handi batean, etorkinak direla eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak adierazi duenez, beraien artean “euskararen ezagutza ezdeusa da”. Ladis Satrustegi Lesakako alkateak gaineratu du, administrazioan egindako estabilizazio prozesuak, arrazoi horregatik beragatik, zailtasunak izan zituztela postuak betetzeko: “Administrazioan eman diren egonkortze prozesuetan ohartu gara zaintza lanetan ari direnak profil bera dutela. Anitz etorkinak dira eta, aipatutako egonkortze prozesu horretan, plaza dezente gelditu ziren bete gabe euskara profila ez zelako betetzen. Problematika hau behin eta berriz errepikatzen bada, landu beharreko zerbait da eta lehenbailehen hasi behar gara”.
Izan ere, Baztango eta Bortzirietako udalerrietako 55 urtetik gorakoen artean, %80 baino gehiago euskaldunak direla oroitarazi du Euskarabideko zuzendariak eta hori kontuan hartuta, “horiek hizkuntza eskubideetan aurrera egitea da Nafarroako erakunde publikoen betebeharra”. Horretarako, zehazki, foru lege bat dago Nafarroan, euskararen ofizialtasuna aitortzen duena eta“aipatutako udalerrietan hizkuntza eskubideen begiratzea agintzen duena”. Hori guti balitz, “ gizarte zerbitzu publikoetan euskaraz zerbitzua ematea Espainiako estatuak eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzen Europako gutuna berrestean hartutako konpromisoa” dela aitortu du Arakamak. Gainera, “2026ko maiatzean argitaratutako berehalako ekintzen gomendioetako txostenak azpimarratzen du, Nafarroaren kasuan, neurriak hartu behar direla euskararen erabilera bermatzeko gizarte eta zaintza zerbitzuetan”.
Beraz, hori guztia kontuan izanik, lanean hasi dira dagoeneko Elizondo, Bera eta Lesakako zahar etxeetako langileekin eta Euskarabideak finantzatuko dituen ekintza desberdinak jarriko dizkiete hauei eskuragarri. Arakamak erran duenez, “hizkuntza plana egin eta ezarri” izanen da lehen pausua, eta horren bidez, “hizkuntza paisaia euskaratu, langileendako euskara ikastaroak eta sentsibilizazio eta kultur ekintzak” eskaintzea izanen da ideia, “datozen urteetan neurri hauetan sakontzeko borondatea” baitute. Jarduera hauek, diruz lagunduko ditu Nafarroako erakundeak, baina Bortzirietako eta Baztango Euskara Mankomunitateen bidez gauzatuko dira.
Lehen ikastaroak parte hartzaileak eta emankorrak izan dira
Elizondon eta Beran dagoeneko ikusi dituzte euskara plan honen lehen emaitzak. Bi kasuetan egoiliarrei, haien senideei eta zahar etxeetako langileei egindako elkarrizketen bidez, diagnostikoa egin eta martxan jarri dute plana. Berako San Jose Zahar etxeko 30 langileetatik zortzik hartu dute parte martxoan eta apirilean IKAk eskainitako euskara ikastaroetan, Aitor Elexpuru Berako alkateak adierazi duen moduan. Udaletik “hagitz ongi baloratu” dute hitzarmena eta “albiste ona” dela ere azpimarratu du Elexpuruk. Guztira 42 egoiliar dituen egoitzan gehienak euskaldunak direlako eta langileak ordea, erdaldunak eta beraz, honekin, “aurrepausuak” ematen ari direla sentitzen dute. Baztanen ere, Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko 94 langileetatik 17k egin dute lehen euskara ikastaroa, 0 mailakoa zena. Baztango AEKren eskutik egin da eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak aipatu duenez, “jarrera arras ona” izan dute guztiek. “Ilusioz eta motibazioz gainezka” aritu dira euskara ikasten eta hori zoriontzekoa dela ere azpimarratu du alkateak, dagoeneko ikusi baitute egoiliarrekin lehen hitz batzuk egiteko gai direla.
Lesakan berriz, udazkenean eskainiko dizkiete langileei euskara ikastaroak eta “segurtasun errotuluak euskaratu” eginen dituztela ere aitzindu du Ladis Satrustegi Lesakako alkateak. Lanorduetan euskara ikasteko modua izan dezatela nahi dute bertan eta horretarako, Euskarabidearekin elkarlana “ezinbertzekoa” dela azpimarratu du Satrustegik, “beharren araberako baliabideak bermatu” ahal izanen dituztelako horrela.