Eta milaka batera, zertarako gai ginateke?

Aitor Errazkin 2026ko ekainaren 19a

Jasone Mendizabal, Tauparen koordinatzailea eta Batuz Aldatu dinamikaren Talde Eragileko kidea
Goiatz Urkijo, Euskaraldiaren koordinatzailea eta Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritza batzordekidea
Giroa gori-gori egon zen pasa den larunbatean Iruñean: martxa eta dantza, aldarri eta izerdi, Euskaltzaleon Martxak txinparta berri bat piztu zuen Gazteluko Plazan.
Martxaren biharamunetan, elkarri emandako berotasuna oraindik ere gure gorputzetan
dugularik, aurrera egiteko gogo eta indarberrituta sentitzen gara. Eta orain, zer?
Dakizuen bezala, euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka bota du Taupak,
Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gainerako bazkideekin batera: datozen 10
urteetan, urtean 15.000 herritar baino, 30.000 euskalduntzea, euskararen erabilera %
15,3tik % 20ra pasatzea, Euskal Herriko hiru administrazioek hizkuntza politikara
bideratutako aurrekontua batez besteko % 0,45etik % 2ra igotzea eta euskara bere
lurralde osoan ofiziala izatea.

Zenbakiak dira, bai, baina zenbaki horien atzean, herri proiektu bat dago: 300.000
herritar gehiago euskararen komunitatera erakartzea, milaka harreman berri euskaraz
sortzea, familia, lagunarte eta lantoki askotan euskarak presentzia handiagoa izatea.
Azken batean, euskaraz bizitzeko behar ditugun baldintzak sortzeaz ari gara, eta
horretarako, erronka egingarri bezain anbiziotsuak behar ditugu. Taupari dagokionez,
gure muineko helburua euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzea izanik,
erabilera biderkatzeko erronkari heldu diogu, batik bat, baina badakigu erronkari heltzea
ez dela aski, eta hau nola lortuko dugun lantzea ere badagokigula.
Lurzorua eta ongarria
Euskal Herrian bizi diren herritar gehienek euskara ulertzea da erabilera biderkatzeko
beharrezko lurzorua. Ulermenaren indarra gutxiesteko joera dugu, akaso, gure
helburuak apaltzea delakoan, baina aintzat hartu behar dugu azken helmuga baino,
lehen geltoki bat dela, eta bere horretan, eraldaketa soziala dakarrela. Hizkuntza bat
ulertzea herri baten bizitza sozialean, kulturalean eta demokratikoan parte hartzeko
atea parez pare irekitzea da, eta bizikidetza linguistiko bidezkoago baterako baldintzak
sortzen ditu, estres linguistikoa gutxitzen duelako eta hizkuntza-hautu askeagoak
ahalbidetzen dituelako.
Eta lurzorua ulermena bada, hizkuntza praktika egokiak dira ongarriak. Badira jokabide
batzuk, oinarrizkoak izanagatik, urratzaileak direnak. Bi aipatuko ditugu: bata, lehen
hitza euskaraz egitea, edonon eta edonoiz —Euskal Herriko bi biztanletik batek euskara
ulertzen duela jakinik, parean dugunak ulertzen ez duela aurreikustea ez al da haren
gaitasuna gutxiestea? Zergatik jakingo dugu guk euskaraz, eta ezezagun horrek ez?—;
eta bestea, ulertzen duenari euskaraz egitea —nola egingo du ulertzen duenak hitz
egiteko urratsa inoiz inork euskaraz egiten ez badio?—.
Euskararen ulermena orokortzea eta hizkuntza praktika berriak hedatzea gakoak dira.
Eta gutariko bakoitzaren ahalegin indibidualak ingurukoengan eragin itzela izan
badezake ere, sinistuta gaude ahalegin kolektibo bat ere behar dugula. Euskaraz
bizitzeko baldintza errealak behar ditugu: politikoak, sozialak, kulturalak eta materialak.
Euskarak ekosistema oso bat izan dezan, aurrez aurre dugun erronkaren tamainako
neurriak behar ditugu. Idurre Eskisabelek Iruñean aldarrikatu bezala, minorientzako
hizkuntza-politikak atzean utzi, eta hizkuntza-politika anbiziotsu eta ausartak indarrean
jartzeko unea da.
Lurra ereiteko garaia
Euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatu dugu, euskaraz bizitzeko baldintza
errealak behar ditugulako. Gure ahotsa entzunarazi dugu, baina ez dugu inoren zain
geratzeko asmorik. Sortzeko garaia da. Lurra ereiten jarraitzeko unea. Ez dezagun
ahaztu euskararen aurrerapauso handienak herritarron ekimenetik etorri izan direla.
Ikastolak, euskaltegiak, herri aldizkariak, kultur taldeak, euskara elkarteak edo Korrika
eta Euskaraldiaren gisako ekimenak ez ziren bulego batean diseinatutako proiektu
hutsak izan: herritarrok sortu genituen, herritarrok egin ditugu posible.
Datorren hamarkadari begira, badugu erronka: euskararen erabilera % 20ra igotzea.
Horretarako, euskararen ulermena orokortu eta hizkuntza praktika berriak heda
daitezen lan egingo dugu Taupan, euskara denontzat izan dadin eskuragarri, eta denon
artean bultza dezagun gehiago erabil dadin. Erronka anbiziotsua da, baina egingarria
ere bai. Pentsa dezagun une batez: zertarako gai ginateke Euskal Herriko auzo eta herri
guztietako euskaltzaleak saretuta egongo bagina? Gure ametsa euskaraz bizi nahi
duen herri ireki, askotariko, ahaldundu eta sortzaile bat bultzatzea da, euskaltzaleen
indarra saretu eta biderkatzea, norbanakoen ahaleginak kolektibizatzea. Mugimendu
zabal bat eratzen ari gara; izan nahi duzu parte? Saretu gurekin:
taupamugimendua.eus.