Bidasoa Folk jaialdiak XXV. edizioa ospatuko du abuztuaren 21etik 23ra. Eta hiru egunez protagonista nagusia zuzeneko musika bada ere, Bidasoa eskualde osoan presentzia indartzeko 25 edizioetako kartelen erakusketa antolatuko dute. Jaialdiaren bilakaera estetiko eta kulturala ezagutzeko aukera emango du erakusketak, eta Avenida Zubiaren Irungo sarreran dagoen Bidasoaren Interpretazio Zentroan ikusgai egongo da.
Hasieratik Bidasoa Folk jaialdiak kulturen eta lurraldeen arteko topagune izateko bokazioa izan zuela aditzera eman dute Bidasoa Txingudi mugaz gaindiko partzuergoko agintariek. Erakunde hau Irun, Hondarribia eta Hendaiako herrien elkarlanetik sortu bezain pronto hasi ziren ekimena babesten. «Jaialdia mugaz gaindiko lankidetzaren ikur bihurtu da eta udako ezinbesteko hitzordua da bai eskualdeko herritarrentzat bai bisitarientzat», adierazi du Nuria Alzagak, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko presidenteak.
Hartara, eta mende laurden betetzen duen edizio honetan, kultur-aniztasuna herritarrengana hurbiltzeko egindako ekarpena balioan jarri nahi dute. Estitxu Urtizberea erakundeko presidenteordeak musika eta folk kulturaren sustraietara jotzen duen jaialdia bada ere, gaur egungo aberastasuna erakusten duela azpimarratu du.
Aurtengo egitaraua
Alde horretatik, urtero bezala eskaintza musikal anitza jasoko du jaialdiak. Abuztuaren 21ean, ostiralarekin, Hendaian hasiera emango diote aurtengo jaialdiari. Angeluko Kospei Star taldeak kalejira egingo dute herriko kaleetatik barrena, Balkanetako erritmoetan oinarritutako musika eskainiko dute.
Jaialdiaren bigarren egunean, abuztuak 22, Hondarribian antolatuko dituzte zenbait kontzertu. Julie Rouaultek eta Maria Terremotok herri kantak gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatuko dituzte, tradizioarekiko lotura mantenduta eta belaunaldi berriengana iristeko gai diren proposamen pertsonalak eskainita.
Jaialdiaren azken eguneko topagunea Irun izango da. Kantauri itsasoko herrialde askotan sustraitutako akordeoia, eta batez ere trikitia, izango ditu ardatz. Honela, herri musikaren transmisioan izandako garrantzia aitortu nahi dute. Eguneko protagonsitak Caamaño & Ameixeiras bikote galiziarra eta Xabi Aburruzaga izango dira. Azken honek, 25 urteko ibilbidea biltzen duen Bask bere lan berria aurkeztuko du.