BiziTropela, Karkarcar auto elektrikoa eta bertze igerilekuetako abonuak ordaintzeko dirulaguntzak Beran

Lizar Elexpuru 2026ko ekainaren 24a

Berako igerilekuen itxiera dela eta, Bortzirietako bertze hiru igerilekuetara bideratuko dituzte herritarrak. Garraio sostengarria bultzatzeko, gaztetxoentzat monitoreek gidatutako bizikleta-martxak, adinekoentzat garraio zerbitzu berezia  eta bertze igerilekuetako abonuak ordaintzeko dirulaguntzak eskainiko ditu Sastrakok Berako Udalarekin batera.  

BiziTropela

Joshe Viela, Sastrakako zuzendariak azaldu digunez «ezohiko egoera» bizi dute aurten beratarrek, izan ere, «beratarren udako planen barne, igerilekua egon da urteetan»

Aurreko udan 600 erabiltzaile izan zituen Berako udal igerilekuak. Erabiltzaileen portzentaje handi bat gazte kategoriakoa izan zen, 15 eta 16 urte tartekoa. Horrela, gaztetxoenetan pentsatuz, jada herri mailan hainbat ekintza desberdin bultzatu dituzte. Udaletik, ordea, BiziTropelarekin animatu dira.

Lesakako igerilekuetara bide berdetik joateko gida zerbitzua modu formalean antolatu dute. 11 eta 15 urteko neska-mutikoei zuzendua izanen da. Une oro, bi monitoreen gain begiratzea izanen dute, ibilbide seguru eta atsegina bermatzeko. Guzti-guztia prest daukate antolatzaileek. Dena den, partaideak falta dira. «Gauza berriak martxan jartzeak koxkak eta ñabardurak eragiten ditu». Hala ere Vielak aitortu digu espero dutela jendea animatzea. Irteera Xubixabalen 15:30etan izanen da eta itzulera 19:30etan. 

 Izen ematea modu digitalean egin daiteke. Dena den, Toki-Onako egoitzan dortsal bat  banatuko da, bakoitzaren izenarekin, baita oinarrizko arautegia ere. 

Helburu eta irakurketa desberdinak suposatuko ditu ekimen berri honek: «Bizikidetza eta elkartasuna, lagunarteko giroa sendotzea, adin bertsuko jendeak naturaz gozatzea. Daukaguna baliatuz, bide berdea aprobetxatzeko, heziketarako baliagarria eta positiboa izanen da»

Karkarcar auto elektrikoa

Gaztetxoez gain, erabiltzaile profil desberdinak hurbildu ziren pasaden urtean Berako igerilekuetara.  Adinekoak, familiak, gurasoak, bikoteak… Denentzat garraio zerbitzua errazteko ere badago bertze  aukera bat: karkarcar auto elektrikoa. 65 urte baino gehiagokoentzako autoa erabilgarri jarriko dute, gidari batekin. Aurretik izena ematen duen pertsona hori kotxean eraman eta ekarriko dute berak aukeratutako igerilekutik. Hauek, Bortzirietako igerileku bat aukeratu beharko dute, eta behin izena emanda, karkarcar hurbilduko da herritarraren bila. 

Dirulaguntzak

Bertze igerilekuetako tarifak ordaintzeko dirulaguntzak banatuko ditu Berako Udalak. Kategoriaren arabera banatuko dira laguntzak. Kasuan-kasu eta banan banan. Herri desberdinen tarifak ez daude bateratuak eta eskaerak desberdinak izan daitezke. Ikuspegi indibidualetik banatuko dira dirulaguntza hauek, aurtengo uda erosoagoa izan dadin.