Azken bi hamarkadotan Bortzirietako Euskara Mankomunitateak urtero antolatu ditu udalekuak. Euskaraz eskolatuak diren 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako eskaintza honek, aisialdi giroan haurren artean euskararen erabilera sustatzea du helburu. Aurtengo udalekuak uztailaren 6an hasi eta 31ra arte izango dira Arantza, Bera, Etxalar eta Igantzin. Eta Lesakan sanferminak pasatu ondotik hasiko dira, uztailaren 13an, eta abuztuaren 28ra arte arituko dira.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak aditzera eman duenez, arrakastatsua izan da aurtengo izen ematea. Izan ere, guztira 228 neska-mutikok izen eman dute udalekuetan. Horietatik Arantzan 31 izen emate eman dira, Beran 90, Etxalarren 27, Igantzin 17 eta Lesakan 63. Halere, kontuan hartu behar da, udalekuetan asteka izen ematen ahal denez, kopuru hori aste batetik bertzera aldatuz joanen dela.
Udalekuak dinamizatzen guztira 25 begirale arituko dira, baina haur kopuruak astez aste aldatzen direnez, begirale kopurua ere horren arabera aldatuz joanen dela argitu dute. Ekainean eta uztaila hasieran hezitzaileek begirale lanetarako formakuntza jaso dute, baita udalekuetan genero berdintasuna eta euskararen erabilera sustatzearen ingurukoak ere.
Argitu dutenez, hezitzaileetako bi behar bereziak dituzten haurrekin arituko dira. Bertzalde, berrikuntza modura, aurten hezitzaile bat ekintza bereziak egiten arituko da herriz herri, eta horri esker udalekuetako ohiko programazioaz gainera, sukaldaritza, esperimentuak, mahai jolasen maratoia edota ur jolasak egiteko aukera izanen dute.
Argazkia: erran.eus