Mendialdeko Boteluze Txapelketa hasia da jada: Bera, Etxalar, Urdazubi, Senpere, Baztan, Sara, Ainhoa eta Zugarramurdi herrietako neska-mutilak batuko ditu pilota modalitate zaharrenetarikoak

Lizar Elexpuru 2026ko uztailaren 3a

Nafarroako Euskal Pilota Federazioak, Iruhbi Pilota egitasmoaren baitan antolatu du txapelketa. Maiatzean jokatu ziren lehen partidak. Nesken eta mutilen kategoriak banatu dira. Izaskun Zubietak Berako nesken taldean hartzen du parte, eta berak eskaini dizkigu txapelketaren inguruko xehetasunak.

Boteluzea eskuzko pilota modalitate zaharrenetariko bat da, pilota goxoarekin aritzen da, eta gorputzeko edozein atalekin. Hala ere, eskuz dihardute gehien jokalariek. Jokalariak taldean elkartzen dira, normalean bost, bosten aurka. Bi zelai izaten dira, sakearena eta errestoarena. Errestoaren aldean, xixa izeneko elementuak jartzen dira, zelaia definitzen dutenak. Tantoak kintzeka neurtzen dira. 15, 30, eta 40, azkenik, jokua. Xixa eta kintzeen arabera zelai aldaketa egoten da. 

«Guretzat zerbait berria izan zen, gustatu zitzaiguna» dio Zubietak. «Lehen aldiz 2018 an bildu ziren zenbait beratar boteluzean aritzeko, Herri Haitadaren baitan. Gerora, Zugarramurdin nesken partehartzeak bultzatuta, bi talde sortu ziren Beran. Neskena eta mutilena. Pasa den urtean jendeak ikusi zuen, eta gustatu zitzaion. Hala, boteluzera batzeko deialdia zabaldu genuen herri mailan, parte hartu eta probatzeko, orain, jarraitzen dugu boteluzean aritzen».

Mendialdeko Boteluze Txapelketa 

2026 honetako Herri Haitadako garaipenaren ostean «kontent» daude nesken taldeko jokalariak, eta partidak ez dira amaitu. Izan ere, Mendialdeko Boteluze Txapelketan parte hartzen ari dira Bortzirietako, Xaretako eta Baztango herritarrak. Nafarroako Euskal Pilota Federazioak  zabaldu zuen proposamena. Horrela, mugaz gaindiko Iruhbi Pilota proiektuaren bidez, dirulaguntzak jaso zituzten eta maiatzean hasi zituzten partidak.

Mutilen kategorian zazpi herri ariko dira: Bera, Etxalar, Urdazubi, Ainhoa, Senpere, Baztan eta Sara. Nesketan ordea, bost: Bera, Etxalar, Ainhoa, Sara eta Zugarramurdi. 

Berako neskek jada bi partida jokatu dituzte. Lehena Erratzun. Etxalarren aurka galdu zuten. Hala ere, bigarrenean Etxalarren jokatu zuten eta garaile suertatu zen Bera herria. Neskei bertze bi partida jokatu beharko dituzte. Abuztuaren lehenean Berako besten aurretik, eta ondoren abuztuaren 15ean Ainhoa herrian, bertakoen aurka. Final handiak (neska eta mutilenak) Sarako bestetan jokatuko dira.