Peio Martikorena zenaren ekintzaile sena eta probintzien arteko lurraldeen zein bertako herritarren garapenarekiko zuen konpromisoa bizirik mantentzeko helburuarekin lan egiten du bere izeneko fundazioak. Kultura, ekonomia, ingurumena eta gizartean eragin baikorra egiten duten, edota sor dezaketen ekimenak ezagutarazi eta aitortzeko motibazioarekin, Mugako Sariak 2026 lehiaketa antolatu dute.
Fundazioa Beran sortu zuten 2024an, eta iaz Bidasoko izokinaren bueltako proiektu bat babestea erabaki zuten, eskualdean izan duen garrantzia aintzat hartuta, ikerketa antropologiko bat bultzatuz. Aurten, aldiz, Bidasoaren bi aldeetako mugaren ikusmirarik zabalenarekin lan egin nahi dute. Izan ere, Baiona, Otsagabia, Donostia eta Ultzama artean kokaturiko eremuak erreferentziatzat hartu dituzte deialdia egiterakoan. Eta iragarri dutenez, aurkeztutako ekimenek inguruko herrietan eragin zuzena dutela frogatu beharko dute parte-hartzaileek edota bertan kokatua egon.
Isabel Elizalde, Peio Martikorena fundazioko zuzendariak azaldu digu mugaz gaindiko ikuspegitik baino, eskualde luze zabalera hedatu nahi duten kooperazioa sustatzeko ekimena dela. «Muga ikusten dugu eremu zabal bat bezala, gure lan eremua da, asuntoa da mugaren inguruan sortzen ari diren ekimenak laguntzea», dio Elizaldek. Azaldu digunez, Donibane Lohizunen (Lapurdi) aurkeztu berri duten Baserriberri proiektuan frogatu dute, mugaz gaindiko lankidetzarako oztopo handiak daudela oraino. «Mugaren bi aldeetako administrazioen arteko trabak handiak dira, beharbada helburu bera dago, baina lan egiteko modu ezberdinak eta eskumen ezberdinak, eta hor jakin behar dugu mugitzen», nabarmentzen du.
Bere ustez, «muga aukera leku bat da», baina erronka ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. «Paperak dena eusten du, Europatikan erraz esaten da lurralde kohesioa eta gizarte kohesioa egin behar dela, baina mugatarrak garenak badakigu gauzak ez direla hain erraz egiten, erran aise erraten da, baina egiterakoan kostatzen da», dio Isabel Elizaldek.
Haatik, kooperazio eta lurralde egituraketa horretan arlo ezberdinetatik sakondu daiteke. Hartara, Mugako Sariak 2026 deialdi honetan hiru dira lehiatu ahal izateko kategoriak. Kirola eta hezkuntza, kultura, eta hirugarrenik arteari buruzko proposamenak sariztatuko dituzte. Sail bakoitzean 6.000 euroko saria jasoko dute irabazleek. Izena emateko epea abuztuaren 31 arte dago zabalik, eta iragarri dutenez, azaroaren 14an jakinaraziko dituzte irabazleak.
Xehetasun guztiak Peio Martikorena Fundazioaren webgunean daude eskura hemen sakatuz.