lesakako san ferminak

Josu Txoperena: «Oraindik badago zer borrokatua eta zer antolatua. Txosna batzordea horren bueltan biltzen den mugimendua da»

Lizar Elexpuru 2026ko uztailaren 9a

Besta herrikoien alde, txosna batzordeak balore batzuen baitan «besta egiteko beste modu bat» proposatzen du. Hori azaldu digu Josu Txoperena lesakarrak. Nahiz eta herri txikia izan, eskualdeko zein Euskal Herri osoko jendeari ongi etorria egiteko prest, egitarau oparoa eskaintzen du Lesakako txosnaguneak.   

 

Besta batzordeak besten antolaketan parte hartzeko modu anitza eskaintzen badu ere, txosna eremuan «besta egiteko bertze modu bat» sustatzen dela dio Josu Txoperenak. Udaberri hasieran, martxoa aldera, Lesakarrek lehen urratsak egiten dituzte bestak hauspotzeko. Txosna batzordea, eragileek zein norbanakoek osatzen dute, begirada besta herrikoietan jarriz. Txosna batzordetik helarazten den besta eredua aldarrikapen desberdinen baitan sostengatzen da.  Txoperenaren erranetan, «presoen aldarrikapenak indar handia du herrian» eta Lesakakoa «beti izan da txosna eremu bat kausa sozialaren alde, Euskal Herriaren askatasunaren alde» antolatu dena. 

Lesakako besta herrikoien mugimendua baldintzatzen duten oinarrizko bertze balore batzuk ere aipatu dizkigu Txoperenak, bertzeen artean, feminismoa. Xulufrinak, Lesakako talde feministak paper garrantzitsua dauka txosnagunean. Urteetan zehar garatu den protokolo feministarekin bat egiten du Lesakako Txosna Batzordeak. «Oinarrizko baldintza da txosna batzordean parte hartzeko protokoloa onartzea, errespetatzea eta sustatzea».

Herrien arteko laguntza bestak sostengatzeko

Komunikazioa, logistika, eskariak, muntaketa, garbiketa… Auzolanean eta bolunatrioei esker aitzinera egiten du txosnaren barne dinamikak. Hala ere,  txosnagune baten izatea ez da kontu isolatua. Ezinbertzean, bertze txosnaguneen sostengua beharrezkoa du, eta lesakarrek ere badakite hori. Bertze herriekin harremanetan dihardute, txanden trukeei esker bulkada lortuz: Bera, Irun, Hondarribia, Baigorri, Igantzi, Malerreka edo Baztan dira Lesakara hurbiltzen diren herrietako batzuk.

Herri txikia izanik, erronka bat ere bada asteburuetan Lesakak erakartzen duen jendea. Hala ere, Josu Txoperenaren ustez «erronka guztiek badute arriskutik eta aukeratik». Horrela aukerak arriskua irabazten duela argi utzi digu lesakarrak. Lesakara Euskal Herriko txoko desberdinetatik hurbiltzea «positiboa» dela aipatu du gazteak.  «Nahiko ohituak gaude, eta eder ikusten dut horrela gertatzea».