Tentsiodun uneak Sanferminak hasi aurretiazko egunetan bizitzen dituela aipatu du Satrustegik. «Azken momentuko aldaketak, une batetik bertzera kudeatu beharrekoak» sortzen baitira. Behin txupinazoaren eztanda adituta, ez dago unerik aldaketentzako. Egina, egina da. Txupinazora, Lesaka inguruko udalak gonbidatzen ditu udalak. Baita udal senidetuak eta talde parlamentarioak. Satrustegik jada ez du txistulariekin edo bandarekin parte hartzeko tenorea, «urte hauetan bertze perspektiba batetik» bizi izan ditu jaiak, herriko agintari gisa.
Udalak, «propio bestak ez antolatzea» izaten du helburu, herritarrak izan daitezen parte-hartzaile nagusiak. Horretarako besta batzordea dago, hogei bat pertsonez osatuta dagoena. Satrustegiren erranetan «deskarga bat, kontraste bat» eskaintzen dio udalari. «Jendeak zer nahi duen eta zer ez duen nahi» jakiteko modu bat da besta batzordea, herritarren eta udalaren arteko zubi bat. Egitarauaren berrikuntzez gain, badira Lesakan urte luzez mantentzen diren ohiturak: uztailaren 6an kuadrillakoekin bazkaria, 7an familiarekin bilkura, eta 8an peñekin egindako otorduak.
Euskal Herriko txoko desberdinetako herritarrei harrera
Segurtasun mahai bat sortzen dute horretarako; osasun zentroko langileak, gizarte langileak, berdintasun teknikaria, udala, foru zaingoa eta udal agenteak barnebiltzen dituena. Denen arteko koordinazioa sustatzen du mahai honek.
«Kanpotik jendea etortzen denean, gogoekin etortzen da», dio Satrustegik. Hala ere, zehaztu du, «kanpalekuekin urteetan arazoak» egon direla. Horregatik, pandemiaz geroztik, gauzak aldatu dira. Kanpalekuek ez dute garai bateko oihartzuna; horren aldean, bertze herrietako asanbladek edo herriko elkarteek autobusak antolatzen dituzte. Jendea egun batean etorri, eta biharamunean bueltatu dadin. Dena den, tokiko ekonomian onurak nabaritzen dituzte, aterpetxeak eta ostatuak beteak egoten baitira.