Euskal Selekzioaren aldeko giza katea antolatu dute uztailaren 14an Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubian. "Gure Herria, Gure Koloreak, Gure Selekzioa" lelopean, Munduko Futbol Txapelketaren testuinguruan Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko hainbat mobilizazio jendetsu antolatu dituzte asteotan Zazpi Baietz, Gu ere Bai eta Gure Esku mugimenduek Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
Eta mugaldeko mobilizazioa ekimen horiei jarraipena emateko asmoz deitu dute, hain justu, uztailaren 14a frantziarren besta nazionala dela aprobetxatuta. Giza katea Avenida Zubian (oinezkoen zubian) luzatu dute 17:00etan, eta jendarteari parte hartzeko deia luzatu diote, «euskal gizartearen gehiengoaren borondatea ikusarazteko». Horretarako, Euskal Selekzioaren ikur zein elastikoekin hurbiltzeko eskatu dute.
Deialdiarekin batera aditzera eman dutenez, helburu argi batekin mobilizatuko dira Bidasoa ibaiaren gainean: «mundu osora zabaltzea hemen, mugaz gaindi, zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela, hizkuntza eta kultura propioa duena, bere buruaz harro dagoena». Eragileek diotenez, «bada garaia euskal gizartearen gehiengo zabal baten nahia errespetatzeko, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde indarrak eta atxikimenduak batzeko eta oztopo, inposizio zein debekuen gainetik jauzi bat emateko».