Dantza truke batean murgilduta daude Adaxkako dantzariak. Kemen Dantza Taldeko txikienak Blaneseko (Girona) Herrialde Katalanetako dantza talde batekin. Bi urtetik behin egiten dute elkartruke eta, beraz, asteburu bat etxetiki kanpo pasatzen dute eta ondoren beste asteburu batez etxean jasotzen dituzte kanpoko dantzariak.
Urte anitz daramatza Adaxkak bi urtetik behin elkartrukeak egiten. Duela 11 urte egon ziren Blanesen eta aurtengoan berriz ere bertan izan dira. Esperientzia oso aberasgarria izaten da parte hartzen duten haur eta gazte guztientzat. Oraingo honetan, 5. eta 6. mailako eta DBHko taldeak daude trukean parte hartzen.
Joan den asteburuan egon ziren Blanesen. Bestak beste, herria ezagutzeko aukera izan zuten, baita dantza truke bat eta emanaldi bat egiteko aukera ere. Bertako dantzarien etxeetan hartu zuten ostatua Bidasotar dantzariek. Heldu den asteburuan berdin eginen dute Blaneseko dantzariek hemengoen etxeetan.
Asteburu honetan, berriz, Euskal Herrira, gure eskualdera etorriko dira Herrialde Katalanetako 30 dantzari. Blanesen egindakoaren antzerakoa egingo dute Irun eta Hondarribiko kaleetan barrena. Batetik, gaur arratsaldeko 18:00tan dantza trukaketa egingo dute Urdanibia plazan. Batak besteari norberaren herrik dantzak erakutsiko dizkiete elkar. Deialdia dantzak ikasi nahi dituen herritar orori zabaldu nahi izan diote. Bestetik, larunbatean 16:00tan Hondarribiko Santiago kaleko plazan emanaldi formalagoa eskainiko dute.
Dantza egiteaz gain, bestelako jarduerak ere eginen dituzte asteburuan zehar. Irun ezagutzeko argazki ginkana bat egingo dute. Era berean, bertako janaria ezagutzeko bazkari eta afari bana egingo dituzte bata Irunen eta bestea Hondarribian.
Handiak ere bidaiari
Adaxkako txikiez gain Kemeneko dantzariek ere zenbait bidai egin izan dituzte azken urteetan. Iaz, adibidez, Pragara eraman zituzten Euskal Herriko txoko ezberdinetako dantzak. Aurtengoan, ordea; Les Presesera joango dira Irun eta Hondarribiko dantzariak. Ésdansa nazioarteko Musika eta Dantza jaialdian parte hartuko dute abuztu amaieran. Euskal Herri inauteria eramango dute bertara, hori dela eta, prestaketa lanetan murgilduta daude taldeko kideak; izan ere, daukaten materiala berritu eta berria sortzeko probestu nahi izan dute aukera.