Zazpiak Baietz, Gu ere bai! eta Gure Esku elkarteen egitasmoak arratsaldeko 17:00etan elkartu zuen jende andana Hendaia eta Irun batzen dituen Etorbidea zubian. Ordurako, kamiseta berdez, Nafarroako banderez eta ikurrinez tindatua zen eremua, Munduko Futbol Koparen harira, mundura mezu argi bat bidaltzeko asmoz: euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarria.
Atzoko egunean aldarri hauek plazaratzeak, bertzelako sinbologia bat izan zuen; izan ere, Frantziako festa nazionalaren eguna izan zen, eta Munduko Futbol Kopan, Frantzia eta Espainiako selekzioen finalerdiko partida jokatu zen. Gure Esku-ko ordezkari den Irati Alvarezek argi utzi zigun egun hau kontzienteki hautatzearen arrazoia:
«Bi herrialde hauek jokatzen badute ere, gu gure aldarrikapenak ozen oihukatzeko asmoz etorri gara hona; ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, izan ere euskal herritarrak gara. Hizkuntza eta kultura propioa duen herri bat gara, komunitate sendoa duen herria. Zubia bete dugu, baina bestela ere, herri sendo bat dago aldarri hauen atzean. Ez gara lau katu, herri sendo bat gara. Kiroletan, berdin du ze moldetan, gure herria ordezkatzeko aldarrikapena zabaldu nahi izan dugu».
Uztailaren 14a kasualitatez baino, kausalitatez aukeratzeaz gain, Hendaia eta Irun batzen dituen zubiak ere, Euskal Herriaren erresistentziaren karga historiko eta sinbolikoa adierazi zuen. Ehunka pertsonen eskuak batuz, giza kate sendo eta luzea osatu zuten, edozein muga edo distantzia geografiko deseginez. Bertaratutakoen eskuak solte geratzean, Kattalin Arabolazak eta Beñat Gaztelumendik pare bat bertso eskaini zituzten, ondotik, hitzartzearen tenorea heldu zen.
Milaka herritarrek sentitzen dituzten taupadak ofizialtasunaren bidea sustatuz
Irati Alvarezek, Gure Esku-ko ordezkariak, oroitarazi zuen elkarteratzearen helburu nagusia:
«gizonezkoen munduko futbol txapelketa jokatzen ari da. Gure selekzio nazionalak ez du bertan jokatzeko aukerarik izan. Ez diote ofizialtasuna aitortzen. Horregatik Euskal Herriko eragile sozial politiko eta instituzionalei dei egin nahi diegu. Bakoitzak bere esparrutik edo ahalmen eta eskumenetatik bultza dezaten euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko».
Ausardia eta ahalmena batuz, jauzi bat egiteko indarrak batzea azpimarratu zuen:
«izan gaitezen ausartak, izan dezagun ambizioa, aprobetxa dezagun edozein aukera, eta egin dezagun jauzia. Egin dezagun jauzi hori herritarrekin batera. Milaka eta milaka herritarrek sentitzen dutelako taupada hau eta prest daudelako ofizialtasunaren bidea sustatzeko».
Bertzalde, Eñaut Etxeberriak, Gu ere bai!-ko kideak Euskal Herriko burujabetzaren hauspotzean jarri zuen arreta.
«Herri burujabea izan nahi dugu. Burujabetza osoa. Euskal herritarroi eragiten diguten alderdi guztiez erabakitzeko. Ez baikara beste inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Bagara. Eta munduko beste edozein herriren pare egon nahi dugu».
Bukatzeko, Joan Irastorzak, Zazpiak Baietz!-eko kideak hartu zuen hitza:
«historikoki kirola gizarteak komunitatea egiteko erabili du. GUstuko dugu kirola, gustuko ditugu kirolaren balioak eta Berretsi nahi dugu jarraituko dugula kirolaren bidez herria egiten, herri libre baten egiten. Hau da gure sentimendua hau da gure hautu politikoa. Ez gara bertze inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Beraz, kalera! gure koloreekin, kalera gure konpromisoarekin, kalera euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzera eta gauzatzera!»