Estatu aparatuek Pertur operazio planifikatu batean desagertarazi zutela ondorioztatu du Giza Eskubideen Behatokiaren azken ikerketak

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 17a

Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" desagertarazi zutela 50 urte beteko diren honetan, Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia) ETA politiko-militarreko buruzagiaren desagerpenari buruzko ikerketa berri baten ondorioak aurkeztu ditu. Txostenak dioenez, bildutako lekukotzek eta dokumentazioak estatu-egiturekin lotutako operazio planifikatu baten hipotesia indartzen dute. Aldi berean, ETA politiko-militarreko "Bereziak" taldeari egotzitako erantzukizuna baztertzen du. Behatokiak Espainiako Estatuari dokumentazio sekretua desklasifikatzeko eta familiari egia argitzen laguntzeko eskatu dion bitartean, "Pertur. Egia Nahi" lelopean, bere kide eta lagunek omenaldia antolatu dute Irungo Avenida zubian, uztailaren 25ean.

Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur"-ren desagerpen behartuaren inguruko ondorio nagusiak jasotzen dituen txostena plazaratu berri du Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia). 1976ko uztailaren 23an Behobian desagertu zen ETA politiko-militarreko buruzagia, eta ikerketaren arabera, gertatutakoa estatu-aparatuarekin lotutako operazio planifikatu baten ondorio izan zela adierazten duten zantzu sendoak daude.

Datorren uztailaren 23an 50 urte beteko dira Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" desagertarazi zutenetik, eta bere kide eta lagunek omenaldia antolatu dute Irungo Avenida zubian, uztailaren 25ean. Xabier Euzkitzek aurkeztutako ekitaldian "Pertur. Egia Nahi" agiria ezagutzera emango dute, eta egiaren exijentzia horri bere ahotsa gehitu nahi dioten pertsona guztiak gonbidatuak daudela iragarri dute.

Txostenak indartzen duen hipotesia

GEBehatokiak argitara eman berri duen txostenak azaltzen du, "Pertur" konfiantzazko barne-kanal baten bidez hitzordu batera deitu zutela 1976ko uztailaren 23 hartan, ETA pm-ko "Bereziak" taldeak kontrolatzen ez zuen bide baten bidez. Gainera, egun berean, Sabin Atxalandabaso ETA pm-ko Bulego Politikoko kideak ere antzeko hitzordu faltsu bat jaso zuela azpimarratzen du. GEBehatokiaren ustez, bi gertakari horiek koordinatutako operazio baten adierazgarri dira.

Ikerketaren arabera, desagerpena prestatzeko beharrezkoa zen infiltrazio-gaitasuna, hitzordu-tranpa antolatzea, bahiketa gauzatzea eta frogak ezabatzea, eta horrelako baliabideak inteligentzia-zerbitzuek soilik izango lituzketela ondorioztatzen du. Hipotesi nagusiaren arabera, operazioan Italiako talde neofaxistak edo mertzenarioak ere erabili ahal izan zituzten.

Bestalde, txostenak baztertu egiten du Perturren desagerpena ETA pm-ko "Bereziak" taldeko kideek antolatu zutenik. Horretarako, hainbat lekukotza, dokumentu eta garai hartako militante ohien adierazpenak aztertu ditu, eta ondorioztatzen du hipotesi hori susmo politikoetan oinarritu dela, ez froga zuzenetan.

Era berean, gogorarazten da Auzitegi Nazionalak 2008 eta 2012 artean egindako ikerketak ez zuela inor inputatzeko frogarik aurkitu, eta epaileak berak nabarmendu zuela 1976an Espainiako agintariek ez zutela benetako ikerketarik egin gertatutakoa argitzeko.

Azkenik, GEBehatokiak bi eskaera egin ditu: alde batetik, Espainiako Estatuari Perturren kasuarekin lotutako dokumentazio ofiziala desklasifikatzeko; bestetik, haren gorpuzkien kokapenari edo desagerpenari buruzko informazioa duen edonori datuak familiaren esku jartzeko. Behatokiaren esanetan, ia 50 urte igaro ondoren, egia ezagutzea eta familiaren sufrimenduari amaiera ematea ezinbestekoa da

Ikerketaren txostena (+INFO)