Mugaldeko Udalekua: «Bortziriak, Urruña, Hendaia, Sara edota Oiartzungo 40 gazte dira, eskualdea eta lagun berriak ezagutzeko aukera paregabea da haiendako»

Aitor Errazkin 2026ko uztailaren 17a

Urruñako Bixikienea eremuan elkartu gara Mugaldeko Udaleku Ibiltarian parte hartzen ari diren 40 gazteekin. Gaur Hendaian surfa egin eta Urruñan Odei raplariarekin tailerra eta kontzertua gozatu ahal izango dute, Azkaineko bidean segitu aitzin. 2011-2012 urteetan jaio eta euskaraz dakiten gaztetxoek har dezakete parte ekimen honetan, betiere muga inguruetako herrietakoak. Uztailaren 13an Arantzatik abiatu ziren eta hilaren 19an Saran amaituko dute haien ibilbidea, baina Bortzirietako herrietatik eta Urruña, Hendaia eta Azkainen ere egingo dute geldialdia, herriko eragileak ezagutu, eta kirol zein kultur jarduera desberdinekin gozatuz. Hirugarren urtea da udaleku berezi hauek antolatzen dituztela.

Urruñako herriko etxea, Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Oiartzungo Udala eta Sarako Herriko Etxeekin partaidetzan, muga inguruetako herrietako gazteak harremanetan sartzeko eta haien ingurunea euskaraz ezagutzeko egonaldi ibiltaria da. Eta herri hauetako 40 gazte dira aurten animatu direnak, 14-15 urtekoak. 

Lehen etapa Arantza eta Oiartzun artekoa egin dute. Beroari aurre egiteko errekan bainua hartzeaz gain, herri kirolak egin zituzten, eta Oiartzunen Soinuenea tailerra eta euskal pilota lantzearekin batera, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren auziari buruzko hitzaldia ere izan zuten uztailaren 14an, baita pasaka eta bote luzean pilotan jokatu ere.

Goizetik ibiltzen dira gehien bat, ordu freskoenetan, eta arratsaldean herri bakoitzean antolatutako jarduerak gozatzeko helburuarekin. Mugaldeko udalekua lau animatzailek edo begiralek koordinatzen dute. Maddi eta Eñaut dira horien artean, eta aitortu digutenez, gazteak hasierako urduritasunak atzean utzi eta gozatzen ari dira. «Gero eta hobeagoa da giroa, antolatutako jardueretan taldeak nahastuz elkar ezagutzen doaz», dio Maddik. Izan ere, batzuk herrikideak dira, edo eskualde berekoak, baina oro har aldameneko herrietako adin bereko gazteak elkartzen direlarik, euren arteko elkar ezagutza eskaxa dela agerian geratzen da. 

Hirugarren edizio honeta 40 gazte animatu dira Mugaldeko herrietan udaleku ibiltarien abenutra bizitzera. 

Hain justu, udaleku hauen helburua horixe bera da. Inguruko herriak hobeto ezagutu, eta adin bereko gazteekin euskaraz harremanetan ezagutzea. Euskalki aski ezberdinak dituzte, eta alde horretatik, udaleku aberasgarriak direlakoan daude antolatzaileak. «Udaleku hauen berezitasuna hori da, 40 gazte horien artean, badira Urruña, Sara, Azkaine, Hendaia, Oiartzun eta Bortzirietako bost herrietakoak», diote begiraleek.

Herriz herri doaz, eta Urruñako geldialdian gaztetxea tindatzen aritu ondoren, arratsaldean arborismoa egitera joan dira atzo Oihana parkera, paintball joko batekin amaituz. Gaur, aldiz, Odei Barroso urruñarrarekin rap tailerra egingo dute. Eta arratsaldean Hendaiako hondartzan surfean aritu ondoren, Urruñako pintxo potean parte hartuko dute, hain justu, Odeik 19:00etan herriko plazan eskainiko duen rap battle saioarekin bat eginez.

Diotenez, lo zakuekin lurrean egiten dute lo kiroldegietan edota herri bakoitzak eskaintzen dizkien instalazioetan. Egunez egun ibilbidea osatzen doaz, ikasten, kirola eta kultura gozatzen eta herriz herriko eragileak ezagutzen, betiere euskaraz. Larunbatean Larhun mendira igoko dira, eta Amets Arzallusekin topo egingo dute "Miñan" liburuari buruz migratzaileen errealitateaz jarduteko. Eta igandean Sarako igerilekuan amaituko dute ibilbidea. Astebete besterik ez da, baina esperientzia aberasgarria dela azpimarratzen dute parte hartzen duten 14-15 urteko gazte guztiek.