Gazteak badira ere kalitatezko musika egiteko gai direla erakutsi nahi du Guri Bo5t taldeak

Amaiur Miguel 2026ko uztailaren 28a

Iruñerrian sortutako taldea da Guri Bo5t eta azkeneko bi urteetan bertsioak egiten ibili ostean, maiatzean kaleratu zuten lehen Zirrara izeneko lehen diskoa. Diskoaren nondik norakoez, sorkuntza prozesuaz, gazteek musika sortzeaz edo gaur egungo musika industriaz mintzatu da besteak beste Iker Goñi taldeko abeslaria.

Duela ia bi urte sortu zen Guri Bo5t taldea Iruñerrian. Iker Goñi taldeko abeslaria gurea izan da. Rock eta Pop doinuak lantzen dituzte gehien bat, nahiz eta, beste estilo batzuei ez dieten atea itxi nahi. Maiatzean kaleratu zuten Zirrara izeneko lehen diskoa, ordura arte, berriz, bertsioak jotzen aritu dira. Besteak beste, Berri Txarrak, Itoitz, Zea Mays edo Extremoduro bezalako taldeak jo izan dituzte.

Modu naturalean sortutako diskoa izan da. Iaz lehen bi abestiak kaleratu zituzten eta kontzertuak ematen jarraitu zuten. Horrela, diskoa grabatzeko beharrezko dirua bildu ahal izan zuten. Gogotsu hartu zuten prozesua; izan ere, haien mezu propioak eszenatokira igotzeko gogotsu zeudela aitortu du Goñik.

Grabaketa prozesua egun gutxitan egin zuten eta, beraz, oso intentsoa izan zen, egunero ordu asko pasa baitzituzten estudioan lanean. Diru kontuengatik "presiopean" grabatu zuten lana; denbora eskasean 10 kantu grabatu nahi baitzituzten. Pozik dago Goñi "sobera haserretu gabe" grabatu baitute diskoa.

Burutik taldearekin batera sortu dute "Kondena Bizia" kantua. Anai-arrebak dira Guri Bo5t eta Burutikeko abeslariak eta, beraz, etxean bertan sortu zuten kantua. Ondoren, Asier Capon Burutikeko akordeoilariak zenbait melodia gehitu zituen eta azkenik Jokin Barriola Burutikeko abeslari eta baxujoleak letra osatu zuen.

Ekoizpen lanetan lagundu dien Josu Ervitik aholkatuta aurrerapen kantu bat kaleratzea erabaki zuten. "Biblia" izeneko abestia izan zen aukeratutako kantua; izan ere, Goñiren hitzetan entzuteko "erreza" den kantua da.

Diskoak izandako harrerarekin pozik daude Guri Bo5t-eko kideak, gainera, gazte talde batek lan txukunak egiteko gaitasuna dutela erakutsi dute. Ohikoa izan ohi baita 18 urteko gazte batzuen diskoa entzuterakoan kaxkarragoa den lan bat espero izatea. Lan fina egin dutela argi dute eta orain arte plazaratutako musikaz oso harro daude.
Datozen asteetako kontzertuei begira daude orain taldekideak. Besteak beste, Untzuen, Oñatin edo Antsoainen izango dira datozen asteetan.