Kemen Dantza Taldeak Ésdansa jaialdian parte hartuko du

Lizar Elexpuru 2026ko abuztuaren 14a

Gironan, la Garrotxa eskualdeko Les Preses herrian ospatuko da Ésdansa jaialdia. 50 urte betetzen dituen Marboleny dantza taldearen eskutik jaso dute irundarrek bertaratzeko gonbidapena. Gipuzkoako zinta dantza, Eltziegoko Zuhaitza, Altsasu eta Lantzeko inauteriak, Xiberuko maskaradak, hitzaldiak eta askoz gehiago eskainiko ditu bertan Kemen Dantza Taldeak.

Ésdansa festibalaren 44. edizioan ardura erranguratsu bat bete beharko du Kemen Dantza Taldeak: Euskal Herria ordezkatzea. Hala, jaialdirako egun gutxi falta diren honetan, guztia prest daukate irundarrek. Kemeneko 30 partaide joanen dira guztira, hala ere, autobusean ezin ziren Mielotxin, Ziripot edo Momotxorroak falta. 

Irungo dantzari askori ez zaio bidaia arrotza suertatuko, izan ere, hamar urte dira jada Kemenek Marboleny dantza taldea ezagutzen duela, eta geroztik, harremana mantendu dute. Adibidez, Adaxkako gaztetxoek hiru urte daramatzate Gironako herri txikikoekin elkartrukeak bizitzen, bi urtetik behin egiten direnak. Dena dela, helduen txanda ere iritsi da, eta abuztuaren 19an hasiko dute abentura. Abuztuaren 23a arte hainbat dantza saio, hitzaldi edo tailer eskainiko dituzte Kemenekoek Ésdansa jaialdian. Nazioarteko jende anitzekin eginen dute topo irundarrek. Kuba, Peru, Indonesia edo Serbiako dantzariak hurbilduko dira parte hartzera, eta noski, Herrialde Katalanetako dantza talde eta dantza zale ugari gerturatuko da.

Egitaraua

Ostirala egun handia izanen da, dantza saio nagusiaren eguna. Zinta dantzak protagonismoa izanen du, izan ere, Les Preses herriak badu zinta dantza berezi bat, eta "jaialdiaren nondik norakoa zinta dantzen inguruan joanen zela" adierazi digu Aiora Fagoagak. Hortaz gain, aipatzekoa da Kemenek Gipuzkoa eta Arabako (Eltziegoko Zuhaitza) zinta dantzak interpretatuko dituela, bi formatu desberdinetan aurkezten direnak; eta hau, ez da guztiz kasualitatea: bi dantzek Euskal Herriko zinta dantzen aniztasuna adierazten dute. “Polita iruditzen zaigu aniztasuna ere erakustea” aitortu digu Amaia Irastorzak honen harira.

Bertzalde, larunbata gauean euskal inauteriek girotuko dute jaialdia. Irastorza eta Fagoagaren arabera, eskaera anitz jaso dituzte Marbolenykoen partetik "inauterien mundua" era desberdinetan plazaratu dezaten. Horrela, inauterien bi alde islatuko dituzte. Bai teorian, baita praktikan ere, euskal inauterietan sumatu ditzakegun “kaosa edo mugimendua” eta “ordena eta zuritasuna” alderatuko dituzte. Larunbatean kaosa izanen da nagusi Altsasu eta Lantzeko inauteriekin, eta aldiz, igande goizean, Xiberuko maskadaren bitartez “zuritasuna” eta dantza ordenatuago bat aurkeztuko dute. 

Hala ere, Esdànsa jaialdia, urtero moduan, dantzaz haratago abiatu da Parlem de… izeneko atalarekin. Irundarrak inauteriez arituko dira atal honetan. Euskal inauterien dualitate hau teoriara garraiatuko dute hitzaldi interesgarri baten bitartez.