Bidasoa Folk Jaialdiaren 25. edizioa ospatuko dute asteburuan

Paola Oskoz 2026ko abuztuaren 18a

Abuztuaren 21etik 23ra ospatuko da Bidasoa Folk Jaialdiaren 25. edizioa. Hendaian hasiko dute egitaraua eta Irunen bukatu, tartean Hondarribitik ere pasatuz. Folk doinuak, erritmo balkanikoak, flamenkoa eta Galiziako eta Euskal Herriko sustrai musika zuzenean aditzeko aukera izanen dute hurbiltzen direnek. Edizio berezia izanik, urte guztietako kartelen erakusketa ere prest dute Bidasoaren Interpretazio Zentroan.

Berezia izanen da aurten Bidasoa Folk Jaialdia, 25 urte beteko baititu musika zuzenean eskaintzen duen hiru eguneko ekitaldi honek. Hendaia, Hondarribia eta Irun zeharkatuko ditu abuztuaren 21etik 23ra eta estilo desberdinez osatutako kartela prestatu dute, mota guztietako Bidasoaldeko ikusleria erakartzeko asmoz. Folka, erritmo balkanikoak, flamenkoa eta Galiziako eta Euskal Herriko sustrai musika aditzeko aukera izanen dute gerturatzen direnek.

Bidasoa Folk Jaialdiaren oinarrietara begira jarri dira antolatzaileak aurtengo edizioa prestatzerako garaian. Hasieratik topagune izateko bokazioa izan duen ekitaldia da eta hori mantentzeko ahalegina egin dutela aitortu du Nuria Alzaga Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko presidenteak: “Bidasoa Folk topagune bat da, musikaren baitan egiten dena. 25 edizioarekin, hausnarketa bat egin genuen, sumatzen baikenuen herri bakoitzean ikusleria herrikoa zela eta ez zela besteetara mugitzen. Jaialdiaren helburuetako bat mugitzea da, beste herrietara joatea eta planteamenduan aldaketa bat egin dugu. Urtez urte kontzertu potente bat egingo dugu eta horren eszenatokia aldatzen joango gara, mugimendu hori sortzen jarraitzeko”. 

Izan ere, tradizio bat bizirik mantentzeko, sustraiei begiratzeaz gain, gaur egungo beharretara egokitzea garrantzitsua da eta horri ere erreparatu diote edizio berezi honetan. “25 edizioa izatea ez da gutxi. Tradizioa dago atzetik, baina gaur egungora egokitua, bestela ezin izango genituzke hainbeste urte bete. Lanketa oso sakona dago atzetik, proiektu partekatu bat da, kultura, pertsonak eta lurraldea disfrutatzeko zuzeneko musikaren bitartez. Mugaz gaindiko jaialdia izatea da gakoa nire ustez”, azpimarratu du Alzagak.

Entzuleak erakartzeko ahalegina ere egin dute kartela osatzerako momentuan. Horretarako eskualdeko musikariak oholtzara gonbidatzeaz gain, gaur egun punta-puntan daudenak ere etorriko dira jaialdira: “Eskualdean talde asko ditugu, eta kanpokoekin fusio hori lantzen dugu beti. Alde batetik, kartela indartzeko talde ospetsuago bat ekartzen dugu, eskaintza erakargarriagoa izateko. Bestalde, etxekoak ere izaten ditugu, eskualdean ezagunak direlako eta jendea erakartzen duelako. Fusio horrek merezi du eta beharrezkoa da”. Folk musika da jaialdian gehien aditzen dena, baina azken urteetan bertze musika estilo batzuekin ere uztartu dute kartela. Izan ere, “badira entzuleak zuzeneko musika maite dutenak eta soilik horregatik hurbiltzen direnak”, baina badira bertze batzuk euren gustukoena aditu nahi dutenak eta horientzat guztientzat osatu nahi izan dute kartela, Alzagak dioenez, “jendeak hitz egiten duenean entzun behar zaiolako eta erantzun bat eman”. 

XXV. Bidasoa Folk Jaialdiaren kartela. 

Hendaian emanen diote hasiera aurtengo edizioari, abuztuaren 21ean, ortziralean. Angeluko Kospei Star taldeak kalejira eginen du herriko kaleetatik barrena, Balkanetako erritmoetan oinarritutako musika eskainiz. Nuria Alzagak jakinarazi duenez, “horrelako talde bat ez da oso ohikoa jaialdian. Oso talde berezia da eta oso onak dira zuzenean, horregatik dute euren lekua aurtengo edizioan”. 

Jaialdiaren bigarren egunean, abuztuaren 22an, Hondarribian antolatuko dituzte zenbait kontzertu. Julie Rouaultek eta Maria Terremotok herri kantak gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatuko dituzte, tradizioarekiko lotura mantenduta eta belaunaldi berriengana ailegatzeko gai diren proposamen pertsonalak eskainita. Hau izanen da aurtengo karteleko kontzerturik garrantzitsuena, eta herria flamenko doinuz estaliko du “azken urtean gora egin duen” Maria Terremotok. 

Jaialdiaren azken eguneko topagunea Irun izanen da. Kantauri itsasoko herrialde askotan sustraitutako akordeoia, eta batez ere trikitia, izanen ditu ardatz. Honela, herri musikaren transmisioan izandako garrantzia aitortu nahi dute. Eguneko protagonistak Caamaño & Ameixeiras bikote galiziarra eta Xabi Aburruzaga izanen dira. Azken honek, 25 urteko ibilbidea biltzen duen Bask bere lan berria aurkeztuko du. Horrela borobilduko dute jaialdia, 25 urteak ospatuz, bai musikariak baita ekitaldiak ere, Galiziako eta Euskal Herriko sustrai musika goraipatuz. 

Edizio guztietako kartelen erakusketa

Musikaz gain, astean zehar Bidasoa Folk Jaialdiko edizio guztietako kartelak ikusgai egonen dira Bidasoaren Interpretazio Zentroan, goizez. 25 urteak ospatzeko erakusketa hau jarri nahi izan dute, jendeak jaialdiak berak izan duen bilakaera ezagutu dezan. Nuria Alzagak herritarrak gonbidatu ditu erakusketa bisitatzera: “Erakusketa oso interesgarria da. Lehen urteetatik ikus daiteke dagoeneko jaialdiak izan duen bilakaera. Musika nola aldatu eta ireki den, koloreak, tipografia, emakumearen presentzia… jendeak ikusi behar du jaialdia nola aldatu den”.