Asier Gogortza: «Kasik lan arkeologiko bat egiten ari nintzela konturatu nintzen»

Lizar Elexpuru 2026ko abuztuaren 20a

Berako herri lurretako 55 borda dokumentatu zituen 2023an Asier Gogortzak, Berako Bordak erakusketaren bidez emaitza herritarrengana zabalduz. «Iraganera begiratzeko modu bat» da erakusketa hau, eta Berako Herriko Etxeko ateak zabalik daude iraganerako bidaia hau abiatzeko.

 

Pandemia ostean piztu zen txinparta. Kalera eta mendira irteteko gogoei men eginez, herriko bordetan erreparatu zuen Gogortzak. Herri arkitekturaren maitale izanik, Berako herri arkitekturaren errealitatearekin egin zuen topo: ardi bordekin. Artzaintzak sekulako indarra izan zuen euskal gizartean, eta bilduma hau egitea «iraganera begiratzeko modu bat» izan zen artistarentzat. 

Sukaldeko mahaian 1989an sorturiko Berako mapa zabaldu, kamera hartu, eta paseoari ekin; horrela  abiatzen da proiektua, mapa horretan agertzen dena, lurraldean bertan begiekin identifikatuz.  Garai hartan garrantzia ematen zion Gogortzak ikustearen ekintzari. «Ez da gauza bera mapan ikustea, Google Mapsen edo mendian».  

Endarlatsa aldeko bordekin hasi zen, Berako herri lurretako borda guztiak lokalizatu arte: guztira 55. «%70 eroriak zeuden; utziak edo abandonatuak». Gainbehera honekin konturatu zen Gogortza lan arkeologiko batera hurbiltzen ari zela.

Berako Bordak seriea

Bordak identifikatuta, azken emaitza osatzeari ekin zion. Kanpotik eta barrutik argazkiak atera, dokumentazioa bildu, eta azkenik, aurkeztu. Ikastolako areto nagusian ikusarazi zituzten argazkiak.  Eta Gogortzaren ustez erakusketak «herrian zerbait sortu zuen», izan ere,  «bordek badute familientzat zerbait sentimentala. Aitatxi eta amatxirekin bordara joandako oroitzapenak adibidez. Nahiz eta ez erabili, borda garrantzitsua da, erreferentziazko toki bat».

Erakusketak Berako Herriko Etxean amaitu zuen. «Berako ondare arkitektonikoaren zati garrantzitsu honek merezi zuen toki ederrean egotea». Asier Gogortzaren erranetan «herriko tokirik nobleenetarikoan daude kokatuak  ardi kakez beteak dauden borda txiki eta ziztrinak» eta errekonozimendu hori polita iruditzen zaio artistari. Erakusketari ere, bertze zentzu eta izaera bat ematen dio kokapen honek. Arkitekturaren «handitasunaz» eta «txikitasunaz» hausnartzeko aukera ere bada hau, horretarako intentziorik gabe sortu bazen ere. Herri txiki batek izan dezakeen errealitatearen aniztasuna islatzen du. Herri arkitektura, eta arkitektura noblea, zergatik bata izanen litzateke bertzea baino hobea?

Borden destinoa

Asierrek dokumentatu zituen borden %70a eroria zen jada 2023rako, eta segur aski, orduz geroztik bertze anitz ere erori dira. Gogortzak heriotzaren zantzu bat gehitzen du erakusketan. Borda desagertu edo eroriei oihal zuri bat jartzen die gainetik, irudia estaltzen. Gorpu mortuarekin autopsietan bezala, ikusleak oihal zuria altxatu beharko du «hilik» dagoen borda ikuskatzeko. 

Borden etorkizuna zein den ziurtatzea ordea ezin da jakin. Hainbat faktorek eragingo dute; agintarien erabakiek, etekin ekonomikoek edo eskainiko zaion  funtzionalitateak. Dena den, beratarrak bere ikuspuntua eskaini zigun. Artistak dio borda bertako materialekin eginda dagoela: harria eta zurarekin. Denborarekin usteldu edo erori egiten den materiala da hau, baina bere ustetan «bordek badute zahartze polit bat, nire begietatik behintzat ikusten da modu duinean desagertzen direla, paisaian integratzen direla»

Borda eta baserria: hari finez, estu lotuta.

Bordak baserri baten hedapen gisa ulertu ditzakegu. Izenek hori diote bederen: Berako Antxunea baserria Antxunekobordarekin lotuta dago. Asier Gogortzak, baserri eta borden arteko loturak begi bistara islatu zituen lehen aipatutako 1989ko mapan. Hari fin batez lotu zituen hauek,  eta nahigabe edo nahita, aldi berean, artzaintza bideak marraztu zituen.