Baztan Bidasoa Kabareta urrian estreinatuko du Uxuri Etxegiak

Lizar Elexpuru 2026ko abuztuaren 21a

Genero identitatea eta adierazpena aztertzeko aukera aparta eskainiko du hamar egunez Uxuri Etxegia antzerkigile sunbildarrak. Baztan, Bortziriak eta Malerrekako LGTBIQ+ komunitate gazteari zuzendua egonen da urrian garatuko duen proiektu artistikoa.

Udazkenean hasi eta negu partean amaituko da Etxegiaren iniziatiba. Urriaren hirutik hasita, hamar igandetan zehar tailer anitzak jasoko dituzte 15 parte hartzailek. 18 eta 30 urte bitarteko LGTBIQ+ komunitate gazteari zuzendu dituzte ekintzak. Kabareta eta burlesqueren ezagutzarekin hasiko da abentura; erlaxazio ariketen edo antzerki jolasen bidez, XIX. mendeko adierazpen dramatiko hauekin harremanduko dira gazteak. Hortaz gain, hitzaldiez ere gozatu ahal izanen dute interesdunek. Sexologo batek generoari eta sexualitateari buruzko saio teoriko-praktikoa eskainiko du. Hortaz gain drag diziplinak ere protagonismoa izanen du. Albina Stardust, aktibista eta drag queen iruindarrak drag tailer bat eskainiko du. Bidenabar, bertze hainbat antzerki termino ere ezagutuko dituzte gazteek, izan ere, Laban, Lecoq edo Stanislavsky antzerki teknikak jorratuko dituzte Etxegiarekin; aldi berean, dantza eta meditazioa uztartuz. Amaiera aldera, zortzigarren saiotik aitzin, sorkuntza artistikoko ariketak hasiko dituzte, esperientzia hau, borondatezko erakustaldi batekin borobilduz.

Queer jendearekin saretzeko bidea

Uxuri Etxegiaren ustez «herri txikietan onuragarria izan daiteke gazteendako horrelako espazioa esistitzea». Madril eta Ingalaterran burutu zituen antzerki ikasketak sunbildar gazteak, horrela, Madrilen egin zuen bat Kabaretarekin, eta pertsonalki, «genero adierazpenaren inguruan lan handia» egin zuela aitortu zigun. Herrira bueltatu zenean «beharrezkoa» ikusten zuen «espazio queerrak» sortzea. «Baztan, Bortziri edo Malerrekan ez dago hainbertze jaialdi jende queerrarentzako» . Horrela, kabaret bat sortzea pentsatu zuen,  «queer jendearekin saretzeko bide bat» zabaltzeko. 

Gorputza jarri eta rolak deseraiki

Sunbildarrak aipatu duenez, «antzerkiak eta kabaretak baduen zerbait da gorputza jartzen duzula. Gorputza jarrita eta dantza edo mugimendua jorratzen direnean, hainbat forma lantzen dira gorputzean. Hor adierazkortasuna aldatzen ahal duzu: femeninoago, maskulinoago edo animaliago aurkeztu… Zure buruarekin esploratzeko aukera dago, urruntzeko zu zarenetik». 

Gizarte jakin batek, kultura jakin baten baitan eraikitzen dituen genero eta adierazpen-rolak deseraikitzeko, erraminta baten moduan ere irudikatzen du Etxegiak kabareta: 

«jaiotzen gara eta jartzen zaigu izen bat, forma bat, genero bat… eta horrekin aurrera. Gizartean errepikatzen dira patroi jakin batzuk. Kabaretak espazioa eskaintzen du horrekin hausteko eta horrekin esploratzeko». 

Gune segurua

Etxegiak ez dio bukaerako emaitzari garrantzi gehiegi eman nahi, Kabareteko muina prozesua bera izanen baita. Hamaikagarren saioan erakusketa txiki bat eskainiko dute horrela erabakitzen duten parte hartzaileek, ez da beharrezkoa izanen. Kabaretean lantzen diren gaiak «elkarrizketa berriak» sortzeko grinarekin ahalbidetuko dira, hausnartzeko eta esperimentatzeko. Etxegiak adierazi du modu desberdinetan bizi ahalko duela bertaratutakoak kabareta. Hau da, norberak erabakiko du zertan parte hartu eta zertan ez. Eserita egotea ere zilegia dela oroitarazi du sunbildarrak. Ideiak hartzen, idazten edo marrazten bada ere, bakoitzak bere aletxoa jarriko duela ziurtatu du Etxegiak.