Rita Unzurrunzagak, Ekain Arte Lanak galeriako zuzendariak muntatu zuen uztaila hasieran ‘Behin eta berriz hasi’. Egun gutxi geratzen zaizkio Peruarenaren bildumari galerian, irailaren 5ean erretiratuko dute. Hala ere, artistarekin hausnarketarako parada izan genuen garaiz.
Beratarraren lan egiteko modua hitzetan jarriz gero, emaitza ‘Behin eta berriz hasi’ izanen litzakeela aitortu digu artistak. Lan egiteko modu honetan ez dago gai zehatzik, ez du ideiarik izaten buruan, ez da ideia bat sortzen. Ordena ideia bat baizik: egiten duen horretan nola sakondu, egiten duen hori geroz eta hobekiago egiten saiatu. Lan egin behar duen horretan, «hurbiltzeko jarrera» da gakoa, «beste hasiera bat izaten da beti».
Internetek nolabait artearen demokratizatzea ekarri badu ere, eta zenbait obra sareetan ikusi baditzakegu ere, ezinbestekoa suertatzen da Peruarenaren lanera zuzenean gerturatzea. Artistaren arabera, «zuzenean sentitzen ahal duzu, ikusten ahal duzu trazuaren mugimendua, hor jarri den energia. Indar hori agerian gelditu daiteke. Beste moduan galtzen da». Hortaz gain, bere lanetara hurbiltzeko aholkua eskatu diogunean zera aipatu digu, «inolako asmorik gabe, inolako intentziorik gabe» hurbiltzeko.
Artista beratarrak bere baitan anitzetan errepikatu izan duen ideia bat azaleratu zuen solasaldian. «Sorkuntza gizakiok dugun altxor bat da, eta ez du inolako justifikazioaren beharrik. Badu izateko eskubide osoa, badelako». Hortaz gain, gehitzen du, «gero hori erabiltzen ahal dugula guretzat inportanteak diren gaiez mintzatzeko edo zerbaiti ahotsa edo gorpua emateko; baina izan daiteke izateagatik».
Kolorea abiapuntu
Kolorearen erabilerak marka utzi izan du Oaia Peruarenaren sortze prozesuen emaitzetan. «Kolore tatxa batengatik hasten naiz, baina ez dago nahimen bat, ez dago kolore horrekin lotzen duten ideia bat. Luzaz ikusi dut kolore puruak behar nituela. Izugarri zaila egiten zitzaidan jaistea eta kolore horiek lantzea». Puntu honetan «intentzioa» hor egoten ahal zela aitortu zigun artistak. Kolore apalagoak bilatzen saiatu da, eta horien arteko harreman desberdin bat sortzen.
Oaia Peruarenaren emaitzak izan dezake bere baitan askatasunaren zantzua. Bere hitzetan «batzuetan mundua izugarri estua» suertatzen zaio, eta «leku bat non hortik ateratzen ahal zaren» egotea «izugarria» iruditzen zaio. Hitz horietan sumatu dezakegu arteak margolariarengan jokatzen duen funtzio askatzailea.
Hortaz gain, norbera zeharkatzen duten eragin artistikoez ere aritu ginen solasaldian. Margolariak ez du «gauza zehatz bat» izaten buruan. «Gauza anitzek egiten dute nutrizio funtzio hori. Hor sartzen da musika, irakurtzea, natura, bizitza edo harremanak… Horrek denak badu influentzia mundua ulertzeko, aztertzeko eta gauzatzeko moduan». Baina azpimarratu du iparrorratzaren norabidea bertze zerbaitek jartzen duela beretzat: «bizitzen dutenean barrenak zabaltzen dituen zerbait, horrek gogorarazten dit norantz begiratu behar den, zabaltasun horren gibeletik joan behar dela».
