Behar Bidasoak Kolonbiako Pereirara bideratuko du lurrikararen ondorengo laguntz

Aitor Errazkin 2026ko abuztuaren 27a

Behar Bidasoak laguntza-kanpaina abiatu du Kolonbiako Pereiran, lurrikarak eragindako kalteei aurre egiteko. Elkarteak 20 urte baino gehiago daramatza bertan Pasionisten Kongregazioko Ahizpekin elkarlanean. Orain, eskualdeko elkartasuna premiazko beharrei erantzuteko bideratu nahi du.Horretarako, jasotako ekarpen ekonomikoak zuzenean Pereirara bidaliko dira.

Lurrikarak eragin handia izan du Pereirako familia askorengan, bereziki egoera ahulenean daudenengan. Las Brisas auzoan Behar Bidasoak eta Pasionisten Kongregazioko Ahizpek urteak daramatzate lanean, eta, komunikazio-zailtasunak gainditu ondoren, bertako egoeraren lehen balorazioa egin dute.

Une honetan, premiazko beharrak elikagaiak, edateko ura, pixoihalak eta haurrentzako esnea dira, besteak beste. Dagoeneko ehun pertsona inguru artatu dituzte, eta laguntza banatzen jarraitzen dute. Era berean, bizimodua galdu duten familiei, etxebizitzak konpondu behar dituzten pertsonei eta lurrikarak eragindako beldurra gainditzen ari diren haurrei laguntzen diete.

Uraren kalitatea da kezka nagusietako bat. Kutsadura-arazoak direla eta, osasun-profesionalek botilako ura erabiltzea gomendatu dute edateko eta janaria prestatzeko. Horrez gain, oka eta beherako kasuak agertu dira, eta Ahizpak osasun-profesionalen laguntza bilatzen ari dira egoerari aurre egiteko.

Lurrikarak erakundearen instalazioetan ere kalteak eragin ditu: leihoak eta teilatua kaltetu dira, eta euri egiten duenean ura sartzen da. Aldi berean, ludoteka eta hainbat laguntza-jarduera berriz martxan jartzen ari dira, eta haurrekin marrazketa eta pintura bezalako jarduerak egiten dituzte normaltasuna berreskuratzen laguntzeko.

Behar Bidasoak uste du une honetan laguntzeko modurik azkarrena eta eraginkorrena ekarpen ekonomikoak zuzenean Pereirara bidaltzea dela. Horrela, Pasionisten Kongregazioko Ahizpek bertan behar diren ura, elikagaiak, sendagaiak eta bestelako produktuak erosi ahal izango dituzte, baita familien eta instalazioen beharrei erantzun ere.

Lagundu nahi dutenek ekarpena egin dezakete kontu honetan:
ES19 2095 5086 10 9101924570
Kontzeptua: Ayuda Pereira

Behar Bidasoak eskerrak eman dizkie urte hauetan proiektuarekin elkarlanean aritu diren pertsona eta erakunde guztiei, eta elkartasun hori Pereiran gehien behar dutenengana zuzenean iristeko baliatu nahi du.