Sentinelle mugako kontrol operazioak ez du auto-lerroetan eraginik prefetaren arabera

Antxeta Irratia 2026ko abuztuaren 28a

Simon Fetet prefet berriaren ustez, abuztuaren 13an Biriatun emandako 14 kilometroko auto-lerroak eguzki-eklipseak eragindako ezohiko trafikoaren ondorio izan ziren, eta Itzulera Operazioan gerta ohi direnetan beste faktore batzuk ere ikusten ditu. Hala ere, prefetak argi du Ceutako (Espainia) migrazio-krisiaren aurrean Frantziako estatuak muga kontrolatzeko Sentinelle operazioan mobilizatu dituen 350 polizien lanak ez duela zirkulazioan aparteko eraginik.

Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefet berria mugako polizia kontrolez eta udako Itzulera Operazioaren auto-lerroei buruz mintzatu berri da, abuztuaren 26an Pauen egindako bere lehen agerraldian. Aditzera eman duenez, barne ministroaren pean hiru urtez immigrazio eta mugen zuzendari izandakoa, Gérald Darmanin eta gero Bruno Retailleaurentzat lan egin ondotik, eskarmentua ez ezik «konplexua den mugaren arazoari aurre egiteko ondo prestatuta» dagoela esan du.

Kargura sartu bezain pronto Hendaiara bisita egin zuen, eta Ipar Euskal Herriko sei muga igarotze puntu bisitatu zituen, aduana eta polizien mugako kontrolen lana bertatik bertara ezagutzeko. Pauen egindako agerraldian, aldiz, Frantziako estatuak 2015az geroztik indarrean duen sistema defendatu du. Eta aitortu du, Ceutako (Espainia) migrazio-krisiaren ondorioz abuztuaren hasieratik erantzun azkarreko FIR ezarri zutela.

Argitu duenez, ezarritako 24 orduko mugako kontrolen Centinelle operazio militarrak langile kopurua bikoiztea suposatu du, polizia, CRS, aduana-agente eta jarduneko zein aparteko jendarmeekin. Orotara 350 polizia mobilizatu dituzte mugetako puntu ezberdinak kontrolpean atxikitzeko. Gure eskualdean, Biriatuko ordainlekuan, Behobia-Pausu eta Santiagoko zubietan ez ezik, Avenida zubian ere patruila batek kontrolatzen ditu oinezko eta bizikletak. 

Mugako auto-lerroak

Bestalde, abuztuaren erditsutik Biriatuko autobideko ordainlekutik Hego Euskal Herrirantz emandako auto-lerro luzeen arazoak direla eta, mugako polizia-kontrolak eztabaidagai izan dira Irungo Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako agintarien artean. Zenbait egunetan 14 kilometro arteko ilarak (atzo 8 kilometrokoak izan ziren) egon zitezkeen heinean, hainbat arlo politikoetako eragilek Biriatuko ordainlekuak irekitzea eskatu dute, egunean 40.000 ibilgailu arte igarotzen direla kontuan hartuta, Biriatuko muga enbutu bat bilakatzen delako. Eta horrek Irun eta Donostia arteko gainerako errepide-sarea kolapsatzera eramaten du. Prefetak, aldiz, zirkulazio arazoetan beste faktore batzuk ere ikusten ditu. Simon Feteten ustez, abuztuaren 12ko eklipseak udako sasoiko trafikoaren hazkundea ekarri zuen, zailtasunak areagotuz.

Beraz, polizien kontrolek ez dute arazorik sortzen bere ustetan, «aldizkakoak, zehatzak, egokituak eta erreaktiboak direlako», eta horrek zirkulazioa nahiko egoera onean mantentzeko aukera ematen du. Gainera, mugetako kontrol hauek Schengeneko muga kodearen arauekin bat datozela azpimarratu du.