Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuegoak, bizikleta ibilbide gidatuak antolatu ditu

Aitor Errazkin 2026ko abuztuaren 29a

Irunek, Hondarribiak eta Hendaiak beren ondare naturala eta historikoa bizikletaz ezagutzeko aukera eskainiko dute irailean. Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak bi bisita gidatu eta doako antolatu ditu. Ibilbideak irailaren 19an eta 20an egingo dira, Badiako Bidean barrena.
Parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta aurrez izena eman beharko da.

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak bi bizikleta-ibilbide gidatu  antolatu ditu irailaren 19an eta 20an, Mugikortasunaren Europako Astearen harira. Ekimenaren bidez, hiru udalerriek partekatzen duten natura-, historia- eta kultura-ondarea modu jasangarri eta osasungarrian ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Bi irteerak 10:30ean hasiko dira eta gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupena izango dute. Lehenengo ibilbidea, irailaren 19an, Nazioarteko Etorbideko zubitik abiatuko da eta Hondarribiko hirigune historikoraino iritsiko da, Plaiaunditik igarota. Bigarrena, irailaren 20an, Hendaiako gotorleku zaharrera eta portura joango da, Faisaien Uhartetik barrena.

Elkargunea Bidasoako Interpretazio Zentroa izango da, Iparralde hiribideko 63. zenbakian, nazioarteko zubiaren ondoan. Bisitak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez egingo dira, eta parte-hartzaile bakoitzak izena ematerakoan aukeratu beharko du hizkuntza.

Plazak 12 lagunera mugatuta egongo dira talde bakoitzean, eta jarduera 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Adingabeek heldu batekin joan beharko dute, eta 16 urtetik beherakoentzat kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Parte-hartzaileek beren bizikleta eraman beharko dute.

Izen-ematea doakoa izango da eta bisita bakoitzaren bezperara arte egongo da zabalik. Informazio gehiago eskuratzeko, Partzuergoaren webgunea kontsulta daiteke edo 943 50 96 00 telefonora deitu. Ekimenarekin, antolatzaileek Bidasoa-Txingudiko ondarea ezagutarazi eta mugikortasun jasangarriaren aldeko ohiturak sustatu nahi dituzte.