Kemenek dantza ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du

Aitor Errazkin 2026ko irailaren 3a

Kemen Dantza Taldeak 2026-2027 ikasturterako euskal dantza ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du. Haur, gazte zein helduei zuzendutako eskaintza izango du aurten ere, adin eta maila ezberdinetara egokitutako taldeekin. Naroa eta Saioarekin ere hitz egin dugu, ikasturte berriko dantza eskolen eta irailaren 9ko emanaldiaren inguruko xehetasunak ezagutzeko.

Azken urteetan bezala, dantza eskolak hainbat ikastetxetan eta Frontón Municipal Uranzu-en Kemenek duen egoitzan eskainiko dituzte. Besteak beste, Toki Alai, Talaia, Txingudi eta Eguzkitza ikastetxeetan izango dira saioak. Ikastetxeetako ordutegiez gain, Urantzuko egoitzan ere hainbat talde antolatu dituzte, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, DBHko gazteentzat eta helduentzat.

Oraingoz, talde eta ordutegiak behin-behinekoak dira, eta izena ematen dutenen kopuruaren eta begiraleen arabera aldaketak egon daitezke. Informazioa jasotzeko eta plaza erreserbatzeko, Kemenekin harremanetan jartzeko aukera dago 688 920 160 telefonoan edo adaxka@kemendt.com helbidean.

Bestalde, Kemenek hitzordu berezia izango du Hondarribiko jaietako egitarauaren barruan. Irailaren 9an, ezpata-dantza eta brokel-dantza emanaldia eskainiko dute. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da hitzordua Gernikako Arbolatik, eta herriko kaleetan barrena tradiziozko dantzak plazaratuko dituzte.