Elizondo Lanbide Eskolak Animazio Soziokultural eta Turistikoko zikloa euskaraz eta online eskainiko du lehen aldiz Nafarroan

Paola Oskoz

Eskaintza pertsonekin eta taldeekin lan egin nahi dutenei zuzenduta dago. Kultura, aisialdia, gazteen informazioa, komunitatearen garapena edo kultur kudeaketa bezalako arloetan etorkizun profesionala eraiki nahi dutenei, bertzeak bertze. Euskaraz eskainiko da, Nafarroan lehen aldiz, eta online modalitatean izanen da, ikasleei malguntasuna emanez, bertzelako eginkizunekin uztartu nahi baditu ikasketak. Matrikulazio epea irekia dago irailaren 7ra arte.

Elizondo Lanbide Eskola IIP ikastetxeak Animazio Soziokultural eta Turistikoko goi-mailako zikloa euskaraz eta online egiteko aukera eskainiko du aurten, Nafarroan lehen aldiz modalitate horretan. Eskaintza pertsonekin eta taldeekin lan egin nahi dutenei zuzenduta dago: kultura, aisialdia, gazteen informazioa, komunitatearen garapena edo kultur kudeaketa bezalako arloetan etorkizun profesionala eraiki nahi dutenei, bertzeak bertze.

Animazio Soziokultural eta Turistikoa ziklo honetan pertsonak eta taldeak dinamizatzeko, kultur proiektuak diseinatzeko, aisialdiko jarduerak antolatzeko eta komunitatearekin lan egiteko gaitasunak lantzen dira. Hori dela eta, ikasleek kultur dinamizazioan, aisialdi eta denbora libreko proiektuen koordinazioan, kultur kudeaketan edo gazteen informazioan lan egiteko prestakuntza jasoko dute.

Ikasketak online modalitatean eskainiko dira eta beraz, malgutasuna izanen dute ikasteko garaian. Adierazi dutenez, moduluak banaka egiteko aukera dago, ikasketak hiru ikasturtetan banatu daitezke eta lana, familia edo bertze ikasketa batzuk ikasketekin uztartzeko diseinatuta dago. Gainera, ikasleek tutoretza bidezko laguntza eta praktika profesionala egiteko aukera izango dute.

Matrikulazioa epea irekia da, irailaren 1etik 7ra arte. Horretarako esteka bat jarri dute eskuragarri, baita telefono zenbaki bat (848 431 632) eta helbide elektroniko bat ere (ieselizo@educacion.navarra.es).