Larun Haizpe Berako zerbitzu, komertzio eta ostalarien elkarteak 20 urte betetzen ditu aurten eta hori ospatzeko, egun berezia antolatu dute herrian irailaren 12an. Egun guztirako egitaraua prestatu dute elkarteko zuzendaritza taldekoek eta azoka antolatzeaz gain, kirola, musika, dantza, jan-edana eta sariak eskainiko dituzte bertaratzen direnei. Ospakizun honen helburua baita, urte hauetan guztietan, Berako eta eskualdeko bezeroek erakutsitako fideltasuna aitortzea. Honez gain, gazteei bertan kontsumitzera bultzatu nahi diete, urte honetan estreinatu duten muralak dioen bezala, “hemen erostea etorkizuna delako”.
Mertxe Mendiburu Konektoma osasun zentroaren arduradunak eta Larun Haizpe elkarteko presidenteak erran duenez, “20 urte erraz erraten dira, baina urte andana da”. Urteurren borobil hau ospatu beharra zegoela argi zuten elkartean eta, “ideia txiki batetik abiatuta”, egun osoko ospakizuna antolatu dute, “ilusioz”. Tarteka egin izan baitira “azokak, komertzio kanpainak, balkoi lehiaketak eta horrelako ekintzak”, baina lehen aldia da horrelako egun oso bat antolatzen dutela Beran. Helburua garbia da: “Bezeroak eskertu eta beraien fideltasuna, nolabait, bueltatu”.
Horrela bada, egun osoko egitaraua prest dute. 9:00etan hasiko dira ekintzak, kick-boxing eta pilates saio irekiekin. 10:00etan berriz, azokaren irekiera izanen da. Larun Haizpeko 25 kidek jarriko dute bertan beraien postua. 12:00etan neska eta mutilen herri kirol saioa egonen da eta ondotik, Gure Txokoa dantza taldeak ere bere emanaldia eskainiko du. Eguerdian, bazkaltzeko, elkarteko kide diren zenbait ostatuek pintxoak eginen dituzte eta postuetan daudenek ere paella jateko aukera izanen dute bertan. Arratsaldez berriz, haurren txokoa egonen da puzgarriekin eta borobiltzeko, tonbola eginen dute, 40 opari baino gehiago banatuz. Zozketetan parte hartzeko, azken asteetan baleak banatzen aritu dira zerbitzu eta komertzioetan, bortz euroko erosketa bakoitzaren truke. Hala ere, egunean bertan egiten diren erosketekin ere banatuko dira.
Mendiburuk herritarrak, baina baita eskualdeko bezeroak ere, irailaren 12an Berara gerturatzera animatu ditu, Larun Haizpe elkartea ezagutzeko eta bertan kontsumitzera bultzatzeko. Herri bat bizirik mantentzeko, bertako zerbitzu, komertzio eta ostatuek etorkizuna bermatu behar dutelako.
Larun Haizpe elkarteak handitzeko helburua du
Larun Haizpe elkarteak 64 bazkide inguru ditu gaur egun. Azken urte honetan, zuzendaritza taldea berritu da eta esfortzu berezia egin du honek elkartea handitzeko. Mertxe Mendiburu elkarteko lehendakariak jakinarazi duenez, “Larun Haizpe elkartea hartu genuenean, 54 bazkide zituen. Gaur egun, bertze hamar bat gehiago lortu ditugu, komertzio, zerbitzu eta ostalari gehiago sartzeko esfortzua egin dugulako”. Oraindik, nahi adina bazkide lortu ez badituzte ere, Berako errealitatea ongi islatzen duen zuzendaritza talde bat ari da lanean: “Batzordekide bezala, sei gaude. Bat kenduta, guztiak berriak gara. Batzuk zerbitzuak gara, bertze batzuk komertzioak edota ostalariak. Lagin ederra da zuzendaritza taldea, denon eskubide eta beharretara ailegatzeko”.
Elkartearen helburuen artean, bertako bazkideen etorkizuna bermatzea dela ere aitortu du Mendiburuk: “Gazteria bultzatu nahi dugu bertan kontsumitzera, herria hil ez dadin. Ez da erraza, Irun ondoan dugu, baita komertzio eta supermerkatu handiak ere. Gure borroka zailagoa da, baina egia da, Bera herri koskor bat izanik, nahikoa mugimendu dagoen herria dela, aktibitate handia dago”. Hain zuzen ere, belaunaldi erreleboaz aritu da lehendakaria, bertze herrietan bezala, Beran ere eskas daudelako alde horretatik. Hala ere, baikorra da Mendiburu eta “komertzio berri eta originalak” irekitzen ari direla ere onartu du. Horrela segituz gero, etorkizuna bermatua dagoela dirudi, baina hala ere, “Larun Haizpetik herria bizirik mantentzeko lan egin behar dugu, orain arteko aktibitate hori mantentzeko”.
Horretarako, taldeak ikastaro edo formakuntza bereziak eskaintzeko ideia du, zerbitzu, komertzio eta ostalariei gaur egungo beharretara egokitzen laguntzeko. “Bazkide direnentzat doako formakuntza saioak izanen dira, betiere hobetzeko asmoarekin”, gaineratu du Mendiburuk. Elkartearen lehendakaria izateaz gain, Mertxe Mendiburu Konektoma osasun zentroaren arduraduna da. Neuropsikologoa da bera eta, zentroan, logopeda bat, psikologo bat eta terapeuta okupazional bat ditu lanean ere. Larun Haizpek duen helburuekin bat eginez, berak ere eskualdean “ahalik eta zerbitzu osatuena” emateko ahalegina egin du, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako bizilagunen bizi-kalitatea hobetuz eta euren artatzeko eskubideak bermatuz.