Bidasoko AEK euskaltegiek irailaren 25era arte izango dute zabalik datorren ikasturterako izena emateko epea. Euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten herritarrek aukera zabala izango dute eskura: aurrez aurreko ikastaroak, autoikaskuntza eta ahozko komunikazioa lantzeko talde bereziak, besteak beste.
Hasiberrientzat, gainera, eskaintza berezia prestatu dute. A1, A2 eta B1 mailetako ikasleek 120 euroko bonua izango dute. Horrela, A1 mailan hasten direnek hurrengo bi ikasturteak doan egiteko aukera izango dute, eta A2 mailakoek, berriz, hurrengo ikasturtea doan izango dute.
Horrez gain, Bidasoko AEKk BDSKOOPekin batera martxan jarritako Herritarron beka ere badu. Matrikula ordaintzeko zailtasunak dituztenek ez dute dirurik aurreratu beharko, eta A1, A2 eta B1 mailetako matrikula 0 eurokoa izango da.
Aurrez aurreko ikastaroak goizez, arratsaldez zein gauez eskainiko dira, ikasleen behar eta erritmoetara egokitzeko ordutegiekin. Bakarkako lana eta tutoretzak ere izango dituzte osagarri. Euskara hobetu edo titulua eskuratu nahi dutenentzat, berriz, B2, C1 eta C2 mailetako ikastaro konbinatuak izango dira, hainbat ordutegi eta preziotan.
Ahozko komunikazioa lantzeko interesa dutenek ere hainbat aukera izango dituzte. Mintza taldean euskaraz hitz egiteko trebetasuna landuko dute, eta Hika taldean hitanoa ezagutu edo finkatzeko aukera izango dute. Aurten, gainera, Hika-Mintza taldea jarriko dute martxan lehen aldiz. Talde horretan hitanoa praktikan erabiltzea eta hobetzea izango da helburua, astean behin 90 minutuko saioen bidez.
Azkenik, bere erritmoan ikasi nahi dutenentzat autoikaskuntzako programa ere eskainiko du euskaltegiak urritik ekainera. Programak bi astean behingo tutoretzak, astero mintzasaioa eta etxerako lanak izango ditu.