Euskal Selekzioak ofizialtasuna lortu zuen 2025ean eta geroztik, hainbat modalitateko pilotariek aukera izan dute ospatu diren Munduko Txapelketetan parte hartzera. Aitzinera pausuak eman badira ere, oraindik egiteko aunitz gelditzen da bertan. Izan ere, trinketean aritzen diren pilotariei Munduko Txapelketa batean estreinaldia egitea gelditzen zaie eta erran gabe doa, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko edozein modalitateko pilotariek ere hori egiteko aukeraren esperoan daudela. Edonola ere, Euskal Selekzioak lanean segitzen du helburu guztiak lortzeko bidean eta egiten dituen ekintza horietako bat izan da Mexikora bidaia.
Bi urtetik behin bi herrialdetako selekzioek egin ohi duten topaketa izan da, baina lehen aldia da Euskal Selekzioa modu ofizialean doala hara. Iker Amiano pilotari irundarrak momentu historiko hori bizitzeko aukera izan du. Endaiarrak Taldean aritzen den trinketlaria Euskal Liga Txapelketako banakako finalera ailegatu zen eta horren ondorioz lortu zuen Mexikora joan diren lau pilotarien taldea osatzea. “Lehen urtea da Mexikora joaten dena ofizialtasuna lortuta. Euskal Ligako Txapelketan finalera sartzen zirenak hara joateko aukera izanen zutela abisatu ziguten. Binakakoa eta banakakoa egiten da eta ni, banakakoan, finalera ailegatu nintzen. Selekzioak aukeratzen du gero zein joanen den, baina entrenamendu batzuk egin genituen eta lauri eman ziguten Mexikora joateko aukera”, dio Amianok.
Mexikora joatea esperientzia aberasgarria eta polita izan dela ere aitortu du pilotari irundarrak: “Egia esan esperientzia desberdina eta polita izan da. Euskal Herrian egonda, badirudi soilik hemen diogula pilotari afizioa, baina han jendea asko mugitzen da pilota ikusteko”. Euskal Selekzioaren ofizialtasunerako ere onuragarria den topaketa izan da Amianoren iritziz: “Horrelako topaketek ikusgarritasuna ematen diote selekzioari. Bi urtetik behin joan izan dira eta balio izan du jendea ohartzeko desberdintasuna badela Euskal eta Espainiakoaren Selekzioen artean”. Zortea izan dute joan diren lau pilotariek, bertan David Alvarez Stich 2022ko Biarritzeko Munduko Txapelketan txapeldun suertatu zen pilotariarekin laguntza izan dutelako. “Stichekin egon gara, Munduko Txapelketa dezentetan egon dena eta munduko txapeldun ere izan dena. Berarekin eta bere emaztearekin ibili gara eta beraiek hango terminoak eta desberdintasunak azaldu dizkigute. Eurekin ulertu dugu nola jokatzen den han eta nola bizitzen duten pilota ere”, azaldu du Amianok.
Izan ere, desberdintasunak nabaritu dituzte bertakoek jokatzen duten moduan: “Desberdintasun nagusia teniseko pilotarekin jokatzen dutela da, hemen palan aritzen den pilotarekin. Guk ohitura gehiago dugu takoekin eta pilota gogorrarekin jokatzeko. Han, Munduko Txapelketa prestatzen dutenek maila dezente dute eta batzuk pilota gogorrarekin aritzen dira, baina askok tenisekoarekin jokatzen dute eskuz. Horrek aukera ematen dio jende gehiagori jokatzeko, adin desberdinetan ere”. Bertzela, bi herrialdeetan pilota afizio bera dagoela aitortu du irundarrak eta Mexikon ere “jende askok segitzen” duen kirola dela.
Trinketlariek oraindik ere pixka bat gehiago itxaron beharko dute Munduko Txapelketan egoteko, aurten Argentinan eginen den horretan ez baitira egonen. Hala ere, Mexikon egindako topaketa hauek etorkizun baterako baliagarriak direla sinetsita daude. Amianok erran duenez, “azkenean denak balio du. Beraien jokatzeko modua ikusteak laguntzen du etorkizun baterako prestatzen joateko. Hangoekin jokatuz, modalitate desberdinak probatuz eta beraien posturak ikusiz ere, aurkari bezala ikusten dituzu etorkizun baterako”.
Munduko Txapelketan jokatzeko aukera izan bitartean, Iker Amianok 2026/27 denboraldiari hasiera emanen dio hurrengo hilabetean. Errenteriako eta Hendaiako klubekin ariko da lanean. “Probintziala Errenteriako klubarekin jokatuko dut eta trinketean, eskuz, Iparraldean maila handiagoa dagoenez, Endaiarrak Taldearekin ibiliko naiz”, dio pilotariak. Mikel Larralde du irundarrak aholkulari eta “hiruzpalau asteetan hasiko den Binakako Txapelketa” prestatzen ari dira elkarrekin, “gogoz” Amianok berak aitortu duen moduan.