Hendaia eta Urruña ere "Euskararen Garaia da!" dinamikara batzeko bilkura irekiak antolatu dituzte

Antxeta Irratia

Euskal Konfederazioak euskararen aldeko manifestazio handia antolatu du azaroaren 21ean, Baionako karriketan. "Euskararen Garaia da!" lelopean, euskararen aldeko iratzartze kolektiboa helburu duen dinamika berria aurkezteko bilkura publikoak eginen dituzte Ipar Euskal Herri osoan irailean zehar. Hendaiako, irailaren 16an (18:30) AEKren Txiki Handi gunean antolatu dute, eta hilaren 22an egingo dute Urruñakoa Berttoli elkartean.

Euskal Konfederazioak fase berri bati ekin dio aurten, hizkuntz politikak urrats eta jauzi berri bat eman dezan Ipar Euskal Herrian. Horretarako Norabide berrien gogoeta txostena onartu zuen urte hasieran. Izan ere, Euskal Konfederazioak iratzartze kolektiborako deia egin du, Ipar Euskal Herrian euskararen egoera larria dela ohartaraziz. Azken inkesta soziolinguistikoek agerian utzi duten gainbehera kezkagarriaren aitzinean, 2050erako biztanleriaren %30 euskalduna izatea dute helburu. Eta horretarako, egungo hiztun kopuruaren parekoa sortu beharko lukete Ipar Euskal Herrian. Hau da, 40.000 euskal hiztun berri. Nola lortu nahi duten azaldu digu Oihana Zamponi Galek, Euskal Konfederazioko kideak.

Bide orri berrian, euskararen koofizialtasuna, hizkuntza eskubideen bermea eta hizkuntza politika ausartagoak aldarrikatzen dituzte. Eta Baionako karriketan manifestatzera deitu dute azaroaren 21n "Euskararen Garaia da!" lelopean. Baina aitzinetik herriz herri ari dira dinamika berria gizarteratzen. 

Agintariak eta erakunde publikoek esku-hartu eta konpromisoak hartu beharko dituztela argi du Euskal Konfederazioak, baina herria mobilizatzea ezinbestekoa da. Hartara, herriz herri ari dira bilkura publikoak antolatzen. Hendaiakoa irailaren 16an (18:30ean) AEKren Txiki Handi gunean eginen dute, Jean Mermoz karrikan. Eta Urruñakoa, aldiz, Berttoli elkartean irailaren 22an, ostegunean, 18:30ean.